"Iñaki, mundiala haiz"

Uztarria.eus 2011ko aza. 19a, 16:11

Iñaki Bergara Pio-k ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian jaso du Txalo Saria

Ekitaldi berean, hari eskainita Monika Juaristik idatzi duen liburuxka biografikoa aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak

Azpeitiko Udalak Euskal Antzerki Topaketen barruan ematen duen Txalo Saria jaso du gaur (azaroaren 19a), Sanagustin Kulturgunean, Iñaki Bergara Pio azpeitiar aktoreak. Ekitaldi jendetsu eta hunkigarri batean, saria eta askoz gehiago jaso du Bergarak: berarekin lan egindakoen, lagunen, etxekoen eta beste askoren maitasuna eta errekonozimendua. "Iñaki... Iñaki da eta", zioen antzerkian Bergararekin ibilitako batek.

"Mundiala haiz", esan dio Iñigo Agirrek, Antxietako taldekide ohiak, ekitaldian hitza hartu dutenen adierazpenak nolabait laburbilduz. Agirrerekin batera, Inaxio Tolosak, Idoia Urangak eta Alaiitz Olaizolak kontatu dute Iñaki Pio-rekin lan egitea eta bizipenak partekatzea nolakoa izan den. Ikusleen artean, berriz, Bergararen kide izandako jende asko, Azpeitiko antzerkigintzaren nor da nor bat egiteko adina bai; tartean, Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi eta Nagore Aranburu, ekitaldirako espreski prestatutako bideoan protagonista izan direnak.

Bideoa ikusi ondoren jaso du Iñaki Bergarak Txalo Saria eta, nola ez, beste aktore baten eskuetatik jaso du, Pilar Aizpitarteren eskuetatik. Aizpitartek aurreneko Txalo Saria jaso zuen; bigarrena, berriz, gaurko ekitaldian ere izan den Imanol Eliasek

Hunkituta entzun ditu Iñaki Bergarak kide ohi eta lagunen hitzak. "Oraintxe bai adarra jo didazuela", bota du, berak ere hitza hartzeko mikrofonoa pasatu diotenean, eta ekitaldira inguratu diren guztiei eskerrak emateko baliatu du bere txanda.

Ikusi www.sanagustinkulturgunea.net-en egin duten argazki bilduma

Zazpigarren liburuxka biografikoa

Txalo Sariarekin uztartuz, Uztarria Komunikazio Taldeak Iñaki Bergara Pio-ri eskainitako liburuxka biografikoa aurkeztu du Sanagustingo ekitaldian.

Monika Juaristi azpeitiarrak idatzi du Uztarriak 2009an abian jarri zuen liburuxka biografikoen egitasmoko zazpigarren alea dena. Azaroaren 21etik aurrera, herriko liburudendetan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi plaza, 1 behea) salgai izango da Iñaki Bergararen biografia, 5 euroren truke.

Aurreko sei liburuxka biografikoak webgune honetako Ziberteka atalean irakur daitezke. Hauek dira: