Manex Beristain: "Ipuinak bitartekari onak dira haurrei gauzak azaltzeko"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 3a, 18:11
Manex Beristain,

Krixpin kaktusa kontakizuna idatzi du, eta bere kasa ari da banatzen, modu librean

Haurrentzako beste ipuin batekin ere ari da

Liburutegian dago Manex Beristain azpeitiarra. Sormena lantzen ariko da, burua ipuinen batean duela. Gustatzen zaio idaztea, eta horrela sortu du Krixpin kaktusa haurrentzako ipuina, Leire Derteanoren marrazkiak lagun. Idatzi, bere kontura liburu itxura eman, eta modu librean banatu, argitaletxeetara jo gabe. Horixe egin du, eta ez zaio damutu hala egin izana. Herrietan-eta ari da banatzen, eta eskerrak eman nahi dizkie horretan laguntzaile dituen denei. Kazetariari hauxe eskatu dio: "Emango al dizut helbide elektronikoa, ipuina eskuratu nahi duenak geuregana jotzeko aukera izan dezan?". krixpinenirria@gmail.com da.

Krixpin kaktusa ipuinean zer kontatzen duzu?

Lau, bost, sei eta zazpi urteko haurrentzat da, baina txikiagoentzat ere molda daiteke, istorioan zehar korapiloren bat badagoen arren. Normalean, haurrentzako liburuetan istorio linealak kontatzen dira: leku batean hasi, pertsonaia batzuk sartu, eta lekuren batean bukatu. Hemen, aurrera eta atzera buelta batzuk daude.

Zergatik aukeratu duzu kaktusa protagonista bezala?

Arantzak dauzka, jakina, eta arantza horiek gizartearen aurreiritziak dira. Lagun bat du basamortuan, eta arazo bat dauka. Hori konpontzera beste leku batera joan behar du, eta bidean animalia batzuk aurkituko ditu kaktusak. Animalia horiek aurreiritziak dituzte kaktusarekiko; ez dute harekin jolastu nahi, arantzak dituelako. Baina autodefentsa ere bada aurreiritziez gain; distantzia hartzeko baliabidea da kaktusaren alboan jartzean, minik ez hartzeko. Laguntasuna, aurreiritziak, normaltasuna, eta halakoak azaltzen dira ipuinean.

Puxikaren bat ere azaltzen da, eta esanahi berezia eman nahi izan diozu. Zergatik?

Krixpinen laguna da. Krixpinen aurreiritziak puskatzea lortzen du. Biak nahastea edo elkartzea koktel antzekoa da; kaktusa eta puxika ez direlako elkarren uztargarri, bistan denez.

Nolatan bururatu zaizu ipuina idaztea?

Lehendik ere gustatu izan zait idaztea. Hemezortzi-hemeretzi urterekin idazten nituen gauzak, baina pertsonalak ziren; nire desioak, arazoak, nahiak eta abar. Poesia eta bertsoa erabili izan nituen garai hartan. Orain, lanbidez psikomotrizitatean aritzen naiz, haurrekin, eta asko ikasten ari naiz haiekin; zer desio dituzten, zerk beldurtzen dituen, zer behar duten, eta antzekoak. Haurrak ezagutzen joan naizen neurrian, haien arazoak fokalizatzen joan naiz. Eta ipuina oso bitartekari ona da haurrengana gerturatzeko. Gauzen azalpen logikoa ematen diegu; zerbait zergatik ezin duten egin, eta horrelakoak. Azalpen logikoak izan ohi dira. Hiruzpalau urteko haurrek askotan ez dituzte ulertzen gure azalpenak, eta ipuina bitarketari ona da gauzak azaltzeko.

Haiekin zaudenean sortzen al zaizkizu ipuinak?

Jolasean ari garela sortu izan zaizkit. Ondoren, jolas horri ipuin itxura ematea da kontua.

Kontakizun linealaz gain, aurreiritzien inguruko mezua helarazi nahi izan duzu. Hori da ipuinaren mezu nagusia?

Ipuina oso tresna ona da, eta marrazkiak ere baditu. Gero, haur bakoitzak bere erara interpretatuko du ipuina. Beldurrez ere ari naiz, azken batean, denok dauzkagulako beldurrak, eta haurrek gehiago.

Ipuina idatzi eta gero, banatu beharra zegoen, eta zeure kasa egin duzu. Azalduko al duzu bidea?

Ez nintzen saiatu argitaletxera joaten, jende asko ari delako libre moduan, bere kasa gauzak argitaratzen, izan liburuak edo diskoak. Ez nuen argitaletxearen galbahea pasatu nahi; beren baldintzak onartu behar izaterik ez nuen nahi. Nahi nuen haurrak izatea lehen irakurleak; beraiek dira epaile onenak. Gainera, modu librean banatzen duzunean, askatasuna ematen dizu nahi duzun lekuan banatzeko, oparitzeko eta abar.

Eta ari zara horretan?

Bai. Azpeitian, liburudenda batean dago salgai, eta liburutegietara ere zabalduko dut. Gero, herrietan ere zabaldu dut lagunen bidez, eta harrera ona izaten ari da ipuina.

Ez zaizu damutu liburua zure kasara banatzea?

Inolaz ere ez. Dirurik ez dugula irabaziko bagenekien, eta helburua barre egitea da. Modu librean ateratzeak egundoko askatasuna ematen du. Zure gainetik ez dago inor, ez dago bitartekarik, eta zeu zara jabea, nolabait esateko. Nahi duzuna egin dezakezu.

Lehen ipuina duzu hau. Besteren bat ateratzeko asmorik ba al duzu?

Bai. Oraintxe ari gara bigarrena prestatzen. Tximeleta bat da protagonista, eta autoestimuaren ingurukoa da argumentua; besteek norberaren emozioak ulertzea, harremanak, eta abar. Marrazkiak egiten ari da Guatemalako lagun bat. Bi, hiru eta lau urteko haurrentzat izango da. Bide bera erabiliko dugu argitaratzeko eta banatzeko; modu librearen aldeko apustua egitekotan gara. Baina aurretik saiatuko gara herriko aldizkariren batek atera dezan. Ea udaberrirako prest daukagun.

Sormena plazaratzeko bideak modu librean al dauka etorkizuna?

Liburuetatik inor ez gara aberastuko. Gure ipuina oinarria da, eta hortik abiatuta, beste hainbat gauza egin daiteke: ipuin kontaketak, literatura eta musika uztartzea, eta abar. Liburutegietan eta kultur etxeetan emateko emanaldiak izan daitezke. Haurrengana heltzeko modu anitzak daude. Marrazkiak zuzenean egin daitezke haurren aurrean, emanaldian zehar, eta, hartara, haurrek parte hartzeko aukera izan dezakete sormenean. Azken batean, ipuina da abiapuntua, eredu egokia delako haurren hezkuntzarako, baita etxean erabiltzeko modukoa ere. Gero, zabaltzea da kontua, eta hor aukera asko daude.

Ipuin kontalariak aipatu dituzu, eta zuk zeuk ikusten al duzu zeure burua horretan?

Momentuz ez, eta gero ikusiko dugu. Kontatu izan dut, Iraurgi ikastetxean, hemen Azpeitian. Gainera, gero, Iraurgiko haurrek ezagutu egin zuten Krixpin, liburudendako erakusleihoan itsatsita ikusi zutenean kaktusaren marrazkia.

Norberak banatzeari esker, idazle-irakurle harremana ez al da hurbilekoagoa izaten?

Gertatu izan zait hau: lehen alea nork erosi zuen jakin nahi nuen, eskerrak emateko. Azpeitiko guraso bat izan zen, bizpahiru urteko haurra daukana. Krixpin ikusi zuen erakusleihoan, eta gurasoei esan zien erosi nahi zuela.

Bigarren ipuinaz gain, beste egitasmorik ba al duzu buruan?

Badaukat zerbait, bai. Eibarko musikari batekin zerbait egitekotan gara, baina hor utziko dut, gehiegi aurreratu gabe.