Zalduaren eta Otaegiren arteko kirol apustua izango da igandean

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 28a, 12:10

Azpeitiko zezen-plazan jokatuko dute aizkora eta korrika lehia, etzi, 12:00etan hasita

Aizkolari bakoitzak bost mila euro jarri dituzte apustuan

Igandean eguerdiko hamabietan kirol apustu berri bat jokatuko dute Azpeitiko zezen-plazan. Xabier Zaldua zumarragar eta Joseba Otaegi zizurkildar aizkolarien arteko lehia izango da. Aizkolari bakoitzak bost mila euro jarri dituzte. Proba mistoa izango da: aizkoran eta lasterkan ariko dira bi kirolariak.

Desafioan, aizkolari bakoitzak kanaerdiko hamar enbor eta 60 ontzako lau enbor ebaki beharko ditu eta ondoren zortzi kilometro egin beharko dituzte lasterka; hau da, zezen-plazari 80 itzuli eman beharko dizkiote.