Iñaki Bergara 'Pio'-k jasoko du aurten Antzerki Topaketen Txalo Saria

Uztarria.eus 2011ko urr. 27a, 18:10

Topaketen XXIX. edizioa azaroaren 4tik 20ra izango da

19an sarituko dute Bergara eta egun berean aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak hari eskainitako liburuxka biografikoa, Monika Juaristik idatzi duena

Euskal Antzerki Topaketak ate joka datoz. Aspaldiko urtetan legez, azaroa euskarazko antzerkiaz bereziki gozatzeko hilabetea izango da Azpeitian. Topaketen XXIX. edizioa azaroaren 4tik 20ra izango da eta hamaika antzezlan eskainiko dituzte tarte horretan; gehienak Soreasu antzokian izango dira, baina Gaztetxeak ere hartuko ditu batzuk. Horietaz gain, eta urtero bezala, eskola antzerkiak ere izango du bere tartea, eta mahai-inguru bat ere izango da programazioan.

Omenaldietarako tartea ere hartuko dute Euskal Antzerki Topaketek. Hirugarren aldiz, Txalo Saria emango dute Topaketen barruan. Aurreko bi edizioetan Pilar Aizpitarte eta Imanol Elias saritu ondoren, hirugarren Txalo Saria Azpeitian antzerkigintzan lana franko egindako beste lagun bati emango diote: Iñaki Bergara Pio.

Liburuxka biografikoa

Azaroaren 19an sarituko dute Bergara eta egun berean aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak hari eskainitako liburuxka biografikoa, Monika Juaristik idatzi duena.

Bergarari eskainitakoa Uztarriaren liburuxka biografikoen saileko zazpigarren lana izango da. Julian Bereziartuari, Leo Etxeberriari, Valentina Agirreri, Santi Lazkanori, Amaia Garmendiari eta Enkarna Arregiri eskainitakoak izan dira aurreko seiak.