Victor Serrano fitxatu du Lan Mobel Iraurgik

Uztarria.eus 2011ko urr. 26a, 16:10
Victor Serranok Asefa Estudiantesen hasi zuen saskibaloiko ibilbidea. (ACB.com)

Abuztutik Urrezko LEB ligako Asefa Estudiantes taldean egon da entrenatzen 22 urteko pibota

Serranok Asefa Estudianteseko infantil mailan hasi zuen saskibaloiko ibilbidea, 2001-2002 denboraldian

Lan Mobel Iraurgik Victor Serrano (Soto del Real, Espainia) 22 urteko pibota fitxatu du. 2.13 metro neurtzen ditu jokalari gazteak. Abuztutik Urrezko LEB ligako Asefa Estudiantes taldean egon da entrenatzen, baina ez du liga horretan estrenatzeko aukerarik izan.

Serranok Asefa Estudianteseko infantiletan hasi zuen saskibaloiko ibilbidea 2001-2002 denboraldian. 2008-2009 denboraldira arte talde bereko maila desberdinetan jarraitu zuen jokatzen, eta azken bi denboraldiak Guadalajara eta Canarias taldeetan pasatu ditu, zedituta.

Lan Mobelen lehen garaipena

Joan den asteburuan lortu zuen Lan Mobel Iraurgik 2011-2012 denboraldiko lehenengo garaipena, Las Rozasen kontra, etxean, 76 eta 64 irabazita.

Datorren zapatuan, hilak 29, Gandiaren kontra jokatuko du Lan Mobel Iraurgik, etxetik kanpo, 19:30ean hasita.

Alfredo Ott, jardunaldiko onena

Denboraldiko lehen garaipenak beste albiste on bat ere ekarri zuen berekin Lan Mobel ISBrentzat. Alfredo Ott, taldeko eskolta estatubatuarra, Zilarrezko Adecco Ligaren hirugarren jardunaldiko jokalari onena izendatu dute; Las Rozas-eko Jose Maria Balmonekin berdinduta izendatu dute Iraurgikoa.

Ottek, 18 puntu, 5 errebote, 3 asistentzia eta 5 baloi berreskuratuta, 26 puntuko balorazioarekin amaitu zuen ostiraleko neurketa.