Xanti Rodriguez:"Europa guztiko ehunka profesionalek bidalitako argazkien artean saritua izatea ez da erraza"

Uztarria.eus 2011ko urr. 26a, 13:10
Xanti Rodriguez argazkilariak Europa mailako bi sari irabazi ditu. (Urola Kostako Hitza)

Urteko Europako Argazkilarien Txapelketan bi sari eskuratu ditu: European Commercial Silver Camera eta European Weddings Silver Camera

Azaroaren 26an jasoko ditu sariak Bruselako Zoom Aretoan

Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) argazkilaria da afizioz eta ofizioz. Urteko Europako Argazkilarien Txapelketan bi sari eskuratu ditu: European Commercial Silver Camera eta European Weddings Silver Camera . Hori dela-eta, azaroaren 26an Bruselara joango da, Zoom Aretoan egingo den sari-banaketa ekitaldira. Txapelketaz-eta hitz egin du Rodriguezek Uztarria.com-ekin.

Espero al zenuen saritua izatea?

Egia esan beti izaten duzu esperantza, baina aurten zaila ikusten nuen. Europa guztiko ehunka profesionalek bidalitako argazkien artean saritua izatea ez da-eta erraza, egia esanda. Bidali nituen irudiek bazuten eragina adituen arabera, baina askotan hitzetan gelditzen dira horrelako gauzak. Zorionez oraingo honetan zerbait gehiago ere lortu dut.

Gustura al zaude lortutakoarekin?

Noski. Sari bat jasotzea beti da ona bakoitzaren autoestimurako eta kurrikulumerako. Gainera, Europa mailan bada oraindik eta gehiago. Jende askok, sariaren izenean Europa ikusten duenean begi desberdinekin begiratzen dio sariaren balioari.

Zer sentitu zenuen sari horiek irabazi zenituela jakitean?

Lehenik eta behin, sari-banaketa ekitaldira joateko Bruselara bidaia oparitu didate. Bestalde, profesionalki nire izena lehenengo parrillan egongo dela zihurtatu dut eta, gainera, horrelako sariei esker profesional askori ikastaroak eta hitzaldi garrantzitsuak emateko aukera izaten da. Urrutira joan gabe, datorren urtean Valentzian (Herrialde Katalanak) ospatuko den Argazkilari Profesionalen hitzaldi internazionalean parte hartuko dut. Bertan, ehundaka profesionali Master batzuk emango dizkiet.

Urteko Europako Argazkilarien Txapelketa, txapelketa ezaguna al da argazkilaritzaren munduan?

Bai, garrantzitsua da. Gainera, urtez urte handitzen doa txapelketa. Antolatzaileek-eta esaten dutenez, munduko txapelketarik garrantzitsuenetakoa da.

Beraz, prestigio handia du.

Noski. Ezin dute Europako urrezko, zilarrezko edo brontzezko saririk eman, prestigiorik ez badu. Gainera, antolatzailea, FEP, Europako argazkilari profesionalen erakundea da.

Zenbat aldiz aurkeztu zara txapelketa horretara? Aurtengoa hirugarren aldia izan da. Lehenengo aldiz aurkeztu nintzenean dezenteko jipoia jaso nuen, eta horrek hurrengo deialdietarako ikasteko balio izan zidan.

Gehiagotan irabazi al duzu txapelketa horretan saririk?

Joan den urtean, Ilustrative sailean zilarrezko domina irabazi nuen. Ezingo nuela hobetu pentsatu nuen, baina esaerak dioen moduan aurten "harrapatu eta pasatu" egin dut iaz lortutakoa.