Bost minutu ez al ditu merezi bakeak?

Aritz Epelde (Azpeitiko Bilduren izenean) 2011ko urr. 20a, 19:10

Pasa den asteartean, Ogasuneko batzarra eta Kontratazio Mahaiko komisioa ospatu ondoren, Bilduko zinegotziek eta alkateak bost minutuko etenaldia eskatu zieten hurrengo Hirigintza batzordeko kide eta teknikariei.

Bost minutu horietan ondoko eskaerak luzatu ziren Euskal Herriak sufritzen duen gatazkaren konponbidearen alde Bake konferentziako deklarazioarekin bat eginez:

  1. ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.
  2. Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.
  3. Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.
  4. Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako.Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.
  5. Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.

Bost minutuak igarota Bilduko zinegotziak eta alkatea Hirigintza batzordera agertu ziren. Prentsaren bidez jakin dugunez errespetu falta iruditu zitzaien Jesus LarraƱaga eta Aitor Arangureni. Errespetu falta egun horretan landu behar ziren herritarren gaiak landu gabe geratzea izan zen. Bilera bera bertan behera geratu baitzen, alde egin zutelako.

Ematen duenez, edozertarako erabili balira bost minutuak ondo legoke. Baina, bakearen alde eta konponbiderako erabili izanak sortzen du ezin egona. Ez al du bakeak bost minutu merezi? Errespetu eta hezibide kontu bat da.