Bidegorri berrirako hobekuntzak eskatu dizkio Udalak Foru Aldundiari

Uztarria.eus 2011ko urr. 12a, 11:10
Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria joan den astean inauguratu zuten. (Nerea Uranga)

Urola ibairako makinariarentzako sarbidea jartzeko eskatu du, hasierako proiektua jarraituz

Bestetik, bidegorriko ibilbidean dagoeneko jarrita dauden eserlekuez gainera, beste bi gehiago jartzea eskatu dio

Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria joan den ostiralean inauguratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Harrera ona izan duen arren, bidegorria hobetu ahal izateko hobekuntza batzuk egiteko eskatu dio Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eskaerak orain egiteko arrazoia bidegorriaren hasierako proiektuak izandako aldaketak direla azaldu du Udalak.

Udalaren eskarietako bat, Urola ibairako makinaria astunarentzako sarbidea egitea da. Lehenengo proiektuan Urola ibaian mantentze lanak egiteko makinaria astunarentzako sarbidea zegoen aurreikusita. Baina aldaketek sarbidea ez erabiltzeko moduan utzi dute. Beraz, gune edo inguru horretan sarbidea egiteko eskatu du Udalak, "ezinbestekotzat" jota.

Bestetik, bidegorriko ibilbidean dagoeneko jarrita dauden eserlekuez gainera, beste bi gehiago jartzea eskatu dio Udalak Foru Aldundiari.

Eskaeren berri ematearekin batera, bidegorriak herritarren artean izan duen "harrera ona" nabarmendu du Udalak: "Azpeitiko Udalak bat egiten du honelako egitasmoekin, eta herritarrek horrela egiten dutela uste da, bidegorri berriak harrera oso ona izan baitu azpeitiarren artean".