Xabier Etxeberria presoa absolbitu dute, epaileek inkomunikazio garaiko deklarazioak baztertu ondoren

Berria.info, uztarria.com 2011ko urr. 6a, 17:10

Luis Mariñelarenak eta Roberto Lebrerok epaiketan esan zuten azpeitiarrak ez zuela parte hartu Lakuntzako atentatuan

Fiskalak ETAren eraso hartan parte hartu izana egotzi zion Etxeberriari, beste biek atxiloaldian egindako deklarazioetan oinarrituz; libre geratuko da azpeitiarra

Azken ordukoa (osteguna, 19:05): utzi dute libre Etxeberria. Goizeko ordubiak aldera egingo diote lehen harrera, Orkatz elkartean

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Xabier Etxeberria Jauregi Txapi presoa (Azpeitia, 1975), ETAk Lakuntzako dantzalekuaren kontra egindako atentatuan ez zuelakoan parte hartu. Manuela Fernandez, Nicolas Poveda eta Ramon Saez Valcarcel epaileek ez dituzte kontuan hartu inkomunikazio garaiko deklarazioak. Aldiz, Luis Mariñelarenari eta Roberto Lebrerori kartzela zigorra jarri diete, 25na urtekoa.

Epaileek gaur bazkalondoren atera dute autoa, eta abokatuak hirurak aldera izan du horren berri. Etxeberriak kartzela uzteko tramite bat bete beharra dago eta, dagoeneko arratsaldea denez, ez da erraza izango gaur egitea eta hura gaur geratzea aske.

Joan den irailaren 29an izan zen hiruren aurkako epaiketa, eta Mariñelarenak eta Lebrerok esan zuten Etxeberriak ez zuela hartu parte erasoan, baizik eta biekin batera beste batek —ez zuten zehaztu nork—. Fiskaltzak, ordea, Mariñelarenak eta Lebrerok atxiloaldian Espainiako Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan oinarritu zuen Etxeberriaren aurkako akusazioa: atentatuan parte hartu zuela —38 urteko kartzela eskaera—. Aipatutako biek epaiketan zioten inkomunikazio aldian eta torturapean egindako deklarazioak izan zirela. Epaileek aintzat hartu dute hori, aitortu baitute ezin dela frogatu Etxeberriak parte hartu zuela, eta aske laga dute.

ETAk 2001eko irailaren 27an jarri zuen lehergailua Lakuntzako Universal diskotekan, eta kalte material handiak eragin zituen.

Etxeberria 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, Frantzian, ETAko kidetzat jota. Horregatik epaitu eta zigortu egin zuten, 2004an. Frantziako zigorra bete ostean, 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten, eta ordutik preso behin-behinean zegoen —Teruelgo kartzelan (Espainia) zeukaten; epaiketa dela-eta Madrilgo espetxe batera eramana zuten—.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org