Zezen Beltzek hiru eguneko jaia antolatu du

Uztarria.eus 2011ko urr. 6a, 12:10

Zapatuan, igandean eta asteazkenean izango dira ekimenak

Besteak beste, haurrentzako sokamuturra, Euskal Herriko Errekortarien ikuskizuna, zezen jolasak... antolatu dituzte

Aldaketekin dator aurtengo Zezen Beltzen III. asteburua. Bi egunekoa izan beharrean hiru eguneko jaia antolatu dute: larunbatean, igandean eta asteazkenean, hilaren 12an, izango dira ekimenak.

Zapatuan, goizean, triki-poteoa egingo dute girotzen hasteko. 17:00etan, berriz, zezen jolasak egingo dituzte. Zezen plazan izango dira eta herriko gazteekin osatutako lau talde ariko dira proba desberdinetan lehiatzen. Behin hori bukatuta, zezen bolaztatua izango da. Zezen jolasak ikustera gerturatu nahi dutenek, egunean bertan, zezen plazako leihatilan bi euro ordaindu beharko dute sarrera.

Aldiz, igandean, txahal-saiheskia probatzeko aukera egongo da plazan jarriko duten kioskoan. Bi euroren trukean pintxoa eta tragoa emango dituzte. 12:00etatik aurrera, gainera, zezen txikiak eta pottokak egongo dira herriko plazan. Arratsaldean Euskal Herriko Errekortariak ikuskizuna ikusteko aukera egongo da zezen-plazan. Ekitaldi hori Azpeitian egiten den lehenengo aldia izango da. Sarrera bost euro ordaindu beharko da, egunean bertan, zezen-plazako leihatilan.

Asteburuko ekimenak nahikoa iruditu ez, eta hilaren 12an, asteazkenean, 12:00etan, sokamutur txikia egingo dute Erdi Kalean hasi eta plazaraino. Arratsaldean, berriz, Artzubian zezen bolaztatuak aterako dituzte, libre. Hori dela-eta, kalea itxi egingo dute.