Kilometroetara etortzeko autobus zerbitzu berezia izango da

Uztarria.eus 2011ko ira. 30a, 12:09

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere autobus zerbitzu bereziak jarri ditu iganderako

Autokarabanentzat eta bizikletentzat aparkaleku bereziak jarriko dituzte

Igandean, hilak 2, Kilometroak direla-eta, Azpeitiara gerturatzen direnek iristeko eta aparkatzeko hainbat aukera izango dute. Antolatzaileek "herri desberdinetan antolatutako autobusetan eta garraio publikoa erabiliz" etortzea gomendatu dute. Horrenbestez, Kilometroak jaiaren antolatzaileek 14.000 autorentzako aparkalekuak eta 300 bat autobusentzako tokia prestatuko dute iganderako.

Autobusetan edo autoetan Azpeitira gerturatzen direnek, bi sarrera nagusi izango dituzte: Mendebaldetik, Azkoiti aldetik, hau da, Zumarraga-Urretxu edo Azkaratetik datozenek, Azkoitian aparkatu beharko dute (Juin-San Joan eta Maxi-Eroski inguruan, edo Oinartxo industria gunean). Hortik, etengabeko autobus zerbitzua izango da Loiolaraino, 4. gunearen sarreraraino. Zumarragatik ordu erdiro autobus zerbitzua jarriko dute Azpeitira; Beasain aldetik datozenak Zumarragatik barrena etortzeko gomendioa egin dute antolatzaileek, Mandubian errai bat itxita dagoelako.

Bestalde, ekialdetik (Donostiatik, kostaldetik edota Tolosaldetik edo Urrestilla aldetik) datozenek, Landetan izango dute aparkatzeko lekua, bertako industria gunean. Oinez helduko dira horiek ibilbidera, bai Lan Mobel albotik edo Atxubiagako biribilgunetik. Landetako aparkalekua beteko balitz, Lasao inguruko aparkalekuak martxan jarriko lituzkete eta handik autobus zerbitzua jarri bigarren gune alboraino.

Tren eta autobus zerbitzu bereziak

Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu berezia jarri du. Hori dela-eta, tren eta autobus konbinazioak zein zuzeneko autobusak jarri dituzte. KMK'11 txartela salgai egongo da, eta txartel hori Eusko Trenen Tren+bus zerbitzuetan soilik erabili ahal izango da. Gainera, txartel bakar batekin autobusa eta trena hartu ahal izango dira.

Irunetik etorri nahi dutenek, handik Donostiara eta Donostiatik Zumaira tren zerbitzua izango dute. Zumaiatik Azpeitira autobusak etorriko dira, geldiunerik egin gabe, orduerdiro. Getariatik etorri nahi dutenek, berriz, Zumaiara autobus berezia izango dute, eta handik Azpeitira bestea hartu beharko dute. Ermutik ere trenak egongo dira Elgoibarrera eta, handik, Loiolara autobusak izango dira. Orduero eskainiko dute zerbitzu hori, 08:20an hasita.

Zuzeneko autobusak ere egongo dira. Zumaiatik Azpeitira, ohiko geldialdiak eginda, orduerdiro irtengo dute autobusek, 07:30etik aurrera. Itzultzeko, berriz, orduerdiro eta laurdenetan zein erdietan irtengo dute. Zumarragako Renferen geltokitik abiatuko da autobusa Loiolara. Azkoitian geldialdia egingo du eta orduerdiro egongo dira autobusak, 08:45etik aurrera. Itzultzeko autobusak Loiolatik irtengo dute, orduerdiro, puentuetan eta erdietan. Bi zerbitzu horietan Lurraldebus txartela erabili ahal izango da.

Donostiatik Azpeitira etortzeko ere zerbitzu berezia jarri dute. Pio XII geltokitik abiatuko da autobusa, eta bidean ez du geldialdirik egingo. Orduerdiro abiatuko dira autobusak 08:30etatik 12:00etara bitartean. Azpeititik itzultzeko ere orduerdiro egongo dira autobusak 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Autokarabanentzat eta bizikletentzat aparkalekuak

Autobus eta autoentzako aparkalekuez gainera, autokarabanentzako eta bizikletentzako aparkaleku bereziak jarriko dituzte. Autokarabanentzako aparkalekua Urola Ikastolan (lehen institutua zegoen tokian) egongo da. Aldiz, bizikletan etortzen direnek Loiolan uzteko aukera izango dute.