Biziarteko espetxe zigorraren kontra elkarretaratzea egingo dute, ostiralean

Uztarria.eus 2011ko ira. 28a, 13:09
Azpeitiko preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak atzo, asteartea, egindako agerraldian.

.19:00etan izango da, plazan

Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoak bizi duen egoera salatuko dute elkarretaratzean

Atzo, asteartea, Azpeitiko preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek agerraldia egin zuten, "euskal preso politikoei salbuespenez ezartzen zaien espetxe politika salatzeko" eta, zehazki, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoak bizi duen egoera salatzeko.

Agerraldian adierazi zutenez, "Paterrak joan den astean bete zituen 22 urte espetxean, eta duela bi urtetik du beteta ezarri zioten zigorra". Izan ere, Juan Karlos Arrutiri hamar urte luzatu zioten zigorra eta agerraldian elkartutakoek esan zutenez, "bizi arteko zigorrekin bukatu beharra dago, oinarrizko eskubideak onartu eta muturreko neurriekin amaitu beharra dago-eta". Horren harira, "presoen senideok, lagunok eta herritarrok aski dela diogu" esan zuten.

Hileko azken ostiraletako ekimentan parte hartzea garrantzitsua dela eta ekimen horiek "erraldoi eta iraunkor bilakatu" behar direla gaineratu zuten.

Hileko azken ostiraletan aldaketa

Hileko azken ostiraletan maindire ilara egin ohi zen bariantean, presoek eskubideak-eta aldarrikatzeko. Ostiral honetarik aurrera, ordea, "azken ostiraletako aro berriari ekingo diogu": "Hemendik aurrera, azken ostiraletako mobilizazioa plazan egingo da. Elkarretaratzea egingo da, eta mobilizazio horiez gain, hainbat ekimen eta ekitaldi egingo da, herritar eta eragile ugariren babesarekin".

Horrenbestez, datorren ostiralean, hilaren 30ean, elkarretaratzea egingo dute 19:00ean, plazan, Zigorra beteta duten presoak kalera, Paterra askastu lelopean. Egin dezagun bidea dinamika zabal eta irekiaren bidez, "eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herriratu ditzatzen", eskatuko dute.