Bordatxo taberna, zaharra berri

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 28a, 12:09
Arantxa eta Jon Larrañaga Bordatxon, barraren atzean. (Arantxa Larrañaga)

.45 urtez irekita egon ondoren, Bordatxo eraitsi eta berria eraikitzeko asmoa dute

Landeta auzoaren aldaketen lekuko izan da, eta bidegurutzean topo egin dutenen topaleku

Azpeitiko Landeta auzoko Bordatxo tabernak 45 urte bete zituen ekainean, sanjoanetan. "Amak eta aitak ireki zuten taberna. Beizamatik etorri, hona ezkondu eta gure amak Bordatxo ireki zuen", diote Jon eta Arantxa Larrañaga anai-arrebek. Bertan, tabernan, hazitakoak dira larrañagatarrak: "Bederatzi anai-arreba gara —gaur egun zortzi bizi dira— eta hiruk egiten dugu lan tabernan; gu bioz gain, Bernardok. Azkenengo hirurak ez beste guztiak hemen jaiotakoak gara, taberna dagoen etxe honetan".

Aitite uztargilea zuten Bordatxokoek. "Gaur egun taberna dagoen tokian uztarriak egiten jarduten zuen", dio Jonek. Taberna zaharraren hormetan batzuk badituzte zintzilik. Aldameneko lokalean txerri apoa edukitzen zutela ere kontatzen du: "Inguruko baserritarrak txerriak umetzera ekartzen zituzten hona".

Aita-amak, Iñaki Larrañagak eta Juanita Belokik, Bordatxo ireki zutenetik hamaika kontu eta gertakari izan da Landetan. "Landetan kontuak ederki aldatuta daude"; hala dio Jose Antonio Aizpuru Karpo-k, Landetako Zabaleta baserrikoak. "Garai batean saneloitan kaminoan bertan egiten zen erromeria. Eta zer trankildade! Bizikleta kamino bazterrean utzi, eta zortzi egunean bertan egoten zen. Orain berriz utzi orduko harrapatu! Beti esan izan da herrira ailegatzen ziren zelebre guztiak hemen bukatzen zutela", kontatzen dute.

Bordatxonekoaren ondoan Lizasoneko taberna zen, "erre zen arte". Aurrean, parez pare, Ongi Etorri taberna. "Hori gero itxi, eta Sanjuandegin ireki zuten. Ondoren, Mendizabal taberna ireki zuten hemen". Tabernez gainera, sagardotegiak ere baziren Landetan. "Giroa ere bestelakoa zen hemen. Tailerretatik jendea irten eta otarteko bila etortzen zen tabernetara", dio Aizpuruk. "Orduan, otarteko piloa eramaten zuen jendeak. Gaur egun, berriz, etxetik eramaten du jendeak jatekoa, eta tailerretik irten eta Landetara etortzeko baino kalera joateko tiradizo handiagoa dago", kontatzen du Arantxak.

Kafe konpletoaren garaiak

"Hemengo tabernetan enpresako nagusiak eta langileak denak nahastuta ibiltzen ziren. Saltsa zegoen hemen", dio Aizpuruk. Baina, krisi ekonomikoak aspaldi jo zuen Landeta; hala dio Bordatxoko semeak: "Tailerrak errelebotan lanean hastearekin kontuak aldatu egin ziren Landetan. Garai batean bazkalondoan eta tailerrean berriro sartu aurretik jendea kafe konpletoa hartzera etortzen zen. Gure aitak, mostradorearen aurrean jendearen bi eta hiru ilada izaten zituen kafe konpletoaren garaian". Gaur egun, ordea, lanera kopa edanda joatea "galarazita" dago.

Landeta toki askotara joateko tokia da, bidegurutze asko biltzen dituen auzoa: Errezilera, Tolosara, Urrestilla, Nuarbe, Kostaldera... "Garai batean hala esaten zen: Gasteizen astoa begiak tapatuta aske utzi, eta Landetara iritsi baietz", dio Aizpuruk. Gaur egun, nahiz eta Landetan saihesbidea egin duten, jende asko auzo barrutik pasatzen da autoz. "Urrestillara doazen asko hemen auzoaren erditik pasatzen dira, hemen geldialdi bat egiteko, Landetan; ohitura zaharrak galdu gabe", diote.

Abuztuaren 13tik itxita

Bordatxo taberna zaharrak abuztuaren 13an itxi zituen ateak. Falta antzeman du Aizpuruk: "Askotan esan dugu Bordatxo ixtea baino Landeta dena eroritzea nahiago dugula. Beti hemen egon ohi gara, eta txokoa faltan ematen da". Ohitu arte Bordatxoko ateari kolpe egiten ziola aitortu du Zabaletakoak.

Taberna itxi aurretik bi edo hiru egunetan "agur afariak" egin zituztela dio Bordatxoko alabak. "Oporrak hartzeko gogoarekin geunden orduan, eta gustura, baina etxea botatzen ikusten dugunean pena hartuko dugu", dio. Zaharra eraitsi eta berria altxatzeko asmoa dute, ordea. Beraz, Bordatxo ez du galdu Landetak; berria izango du.