Klik! erraldoiaren atarian

Uztarria.eus 2011ko ira. 26a, 19:09
Ezkerretik eskubira, Igor Elortza, Arantxa Manterola, Aitor Unanue eta Beñat Azurmendi, Kilometroetako kartelak erakusten. (NEREA URANGA)

Urriaren 2an ospatuko den Kilometroak 2011 aurkeztu dute

Eguneko egitaraua, ibilbidea eta abarrak jaso dituzte eskuorri honetan

Iritsi da Klik! erraldoia egiteko unea. Egun batzuk besterik ez dira falta Gipuzkoako Ikastolen jaia, Kilometroak 2011, lehertzeko. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkarteak dena prest du dagoeneko igandean, urriaren 2an, ikastolen eta euskararen aldeko jai erraldoia ospatzeko. Prest egitaraua, zirkuitua... Hala azaldu du gaur, Donostiako Ikastolen Etxean egin duten aurkezpen agerraldian, Igor Elortzak, Kilometroetako koordinatzaileak. Alboan izan ditu Elortzak Arantxa Manterola, Kilometroak Kultur Elkarteko Lehendakaria; Beñat Azurmendi, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendaria; eta Aitor Unanue, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Elkarte Kooperatibako lehendakaria.

Aitor Unanueren arabera, "ikastola laguntza beharrean da. Iraganeko, gaurko eta etorkizuneko diru beharrei erantzun behar dio". Kontuan izan behar da orain hamabost urte inolako baliabide materialik gabe kale gorrian zirela publifikazioa tarteko, bostehun ikasle baino gehiagorekin. Horri erantzuteko gaur egungo eraikina altxatu zuten eta horrek suposatu zuen zorrari aurre egiten ari dira. "Gaur egunera etorriz, matrikulazioan dugun goranzko joera dela eta, administrazioaren finantza planak motz eta zaharkituta gelditu zaizkigu. Aurtengo ikasturtea administrazioaren aldetik finantzatu gabeko lau gelarekin hasi du ikastolak", nabarmendu du Unanuek. Etorkizunera begiratuz, berriz, urte gutxi barru gaur eguneko eraikina txiki geldituko zaiel aurreikusten dute. Ondorioz, haur ikastola berri baten proiektua lantzen ari dira, "aitzindaria" den proiektua, eta proiektu horri bultzada emateko asmoarekin eskatu zuten 2011ko Kilometroak Azpeitian egitea.

Koloretako pultserak laguntzaren truke

Igandean, Kilometroetan, diruz lagunduko dutenek ekimen koloretsu batean parte hartzeko aukera izango dute. Hala azaldu du Igor Elortzak, aurtengo Kilometroek izango duten berrikuntza aipagarrienetakoa: "Ibilbideko sarrerako postuetan diru-laguntza ematen duenak koloretako pultsera bat jasoko du, Kilometroen alde laguntza eman duenaren seinale. Ondoren, pultsera hori erakutsita ikastolan bere testigantza uzteko aukera izango du. Hau da, ikastolako horman idazteko aukera izanez".

Denetarik eta denentzat

Urriaren 2an Azpeitian ospatuko den Kilometroetako egitarauari dagokionez, 09:30ean zabalduko da zirkuitua. Ordu horretatik eta 19:30ak bitartean izango dute zer ikusia eta non gozatua Azpeitira etortzen direnek. Haur, gazte edota helduentzat egitarau zabala antolatu da. 1.300 boluntario, 26.000 otarteko, 120.000 edalontzi berrerabilgarri, 2.000 kilo solomo... haur jolasak, kontzertuak, antzerkia... "Ez da ezer faltako", Azpeitiko Ikastola Ikasberriko antolakuntzakoek esan dutenez.

Zirkuituari dagokionez, 6 kilometroko ibilbidea izango da, bost gunetan banatuta (4 gune ibilbidean eta beste bat, herriko plazan, zirkuitutik kanpo). Azpeitiko Ikastola Ikasberrin kokatuko da lehen gunea; Garmendipen, bigarrena; Goenako kanpan, hurrengoa; Loiolatxo eta Loiolakoa izango da laugarren gunea; eta aipatutako herriko plazakoa, azkena.

Eguneko egitaraua, ibilbidea eta abarrak jaso dituzte eskuorri honetan.

Nola iritsi eta non aparkatu

"Herri desberdinetan antolatutako autobusetan eta garraio publikoa erabiliz" etortzea gomendatu dute Kilometroak jaiaren antolatzaileek. Hala ere, 14.000 autorentzako aparkalekuak eta 300 bat autobusentzako tokia prestatuko dute iganderako.

Autobusetan edo autoetan Azpeitira gerturatzen direnek, bi sarrera nagusi izango dituzte: Mendebaldetik, Azkoiti aldetik, hau da, Zumarraga-Urretxu edo Azkaratetik datozenek, Azkoitian aparkatu beharko dute (Juin-San Joan eta Maxi-Eroski inguruan, edo Oinartxo industria gunean). Hortik, etengabeko autobus zerbitzua izango da Loiolaraino, 4. gunearen sarreraraino. Zumarragatik ordu erdiro autobus zerbitzua jarriko dute Azpeitira; Beasain aldetik datozenak Zumarragatik barrena etortzeko gomendioa egin dute antolatzaileek, "Mandubian errai bat itxita dagoelako obrengatik".

Bestalde, ekialdetik (Donostiatik, kostaldetik edota Tolosaldetik edo Urrestilla aldetik) datozenek, Landetan izango dute aparkatzeko lekua, bertako industria gunean. Oinez helduko dira horiek ibilbidera, bai Lan Mobel albotik edo Atxubiagako biribilgunetik. "Landeta beteko balitz, Lasao inguruko aparkalekuak aktibatuko genituzke eta handik autobus zerbitzua jarri bigarren gune alboraino", adierazi du Elortzak.

Eusko Trenek Donostiatik Zumaiara bitartean ordu erdiro jarriko du tren zerbitzua. Gero, Zumaiatik Azpeitira autobus zerbitzua jarriko du maiztasun berarekin. Donostiatik, Pio XIIko autobus geltokitik, Lurraldebusek (La Guipuzcoana autobusak) ordu erdiro autobusak jarriko ditu Azpeitira, 08:30etik 12:00etara.

Zerbitzuak

Kilometroen egunerako eta egunean bertan hainbat zerbitzu erabilgarri izango dira. Hauek, besteak beste:

  • Autobusetarako txartela aurrez erosteko aukera: Eusko Tren eta Lurraldebusen txarteldegietan aurrez iganderako autobuserako edo trenerako txartela erosi daiteke. Era horretan, txartela erosteko iladan egon beharrik ez izateko. Asteazkenean jarriko dituzte Eusko Trenen eta Lurraldebusen webguneetan autobus zerbitzuen ordutegiak.
  • Aparkalekuetara itzultzeko autobus zerbitzua 20:00etan amaituko da.
  • Bazkaltzeko hiru gune prestatuko dituzte: Loiolan, Kiruri jatetxean; Ikastolan, sagardotegiko menuarekin; eta lehen gunetik bigarren gunera bitartean, Berdelariko frontoian. Azken hau, zeliakoentzako menu berezia ere izango da. Bazkarirako txartelak aurrez Kilometroen webgunean erosteko aukera izango da. Bestela, igandean bertan ibilbideko sarrerako postuetan eros daitezke.
  • Edoskitze gunea ere jarriko dute aurtengo Kilometroetan. Lehen gunean, Ikastolaren gunean, egongo da. "Horrelakoetan haurrarekin egoteko, pardela aldatzeko, titia emateko... gune lasai bat egotea eskertzen da, eta toki hori ikastolan atonduko dugu".