Festetan ere parekidetasunaren aldarria

Uztarria.eus 2011ko uzt. 28a, 16:07

Festa Parekideen aldeko lan-taldekoek hainbat ekimen antolatu dituzte saninazioetarako

Besteak beste, Txitximoreren bideo emanaldia eta Emakumeok Plazara ekimena izango dira festetan

Gero eta emakume gehiagok hartzen du parte Festa Herrikoien Batzordean. Festetako egitarauan ere bai, eta hori "oso positiboa" delakoan daude Maite Segurola eta Ilazki Lili, Festa Parekideen aldeko lan-taldeko kideak.

Iazko urtera arte ez zegoen Festa Parekideen aldeko lan-talderik, baina "emakumeek eta gizonek festak eskubide berdinekin eta modu berdinean bizitzeko aukera" izan behar zutela eta, taldea osatu zuten. Nahiz eta Festa Herrikoien Batzordeak lehenago ere festa parekideen aldeko aldarria egiten zuen, Liliren ustez.

Lilik gaineratu duenez, "festetan egiten diren ekimen gehienetan, gizonezkoek osatutako taldeak-eta egoten dira; emakumeen taldeak-eta gutxiago dira, kulturan emakumeek duten ikusgarritasuna txikiagoa delako, baina festetan etxeetan egiten diren jatorduak-eta emakumeek prestatzen dituzte".

Horren aurrean, iaz, taldea hiru zatitan banatu zuten lanean hasterako: eraso sexisten inguruko lanketa egiteko taldea, Txitximore superheroiaren inguruko taldea eta Emakumeok Plazara jaialdiaren inguruko taldea. Aurten ere hiruak mantendu dituzte, eta Segurolaren arabera, "taldeak aurrera eramaten emakumeak dabiltzan arren, gizonezkoek ere hartzen dute parte laguntzerakoan. Denetik etorri zaizkigu laguntzak, bakoitza bere zatitxoa emateko prest egon da, eta oso zabalean egin den istorioa izan da aurtengoa".

Festetan hiru esparru

Maite Segurolaren arabera, "festetan ondo begiratu beharreko hiru esparru daude": emakumeak festak antolatzerakoan zenbateraino hartzen duen parte eta zein esparrutan aritzen den, emakumearen parte-hartzea festetan, eta eraso sexistak.

Lehenengoari dagokionean, Segurolak dioenez "ofizialki egiteko antolakuntzetan gizonezkoek hartzen dute parte eta aldaketa eman beharra zegoela ikusi dugu, emakumeak kalean parte hartzera bultzatu beharra zegoela, alegia".

Emakumearen parte-hartzeaz, berriz, kulturaren esparruan emakumearen ikusgarritasuna eta presentzia sustatu beharra zegoela ikusi dutela adierazi du Segurolak. Gainera, "emakumeak programan normal hartu behar lukeela parte eta parte-hartze aktiboa izan behar lukeela" deritzo.

Kalean jende gehiago ibiltzen da festetan, eta festa giroan izaten da herria. Hori dela eta, erasoak gertatzeko aukera "askoz ere handiagoa" dela uste du Segurolak. Eraso sexistei erantzuteko tabernariekin-eta lanketa bat egin du Udalak; eraso sexistak identifikatzeko, horien aurrean nola jokatu jakiteko...

Horretarako tabernariei protokolo moduko bat eman zaie, hala guztiek jarrera berdina hartu dezaten erasorik balego. Txosnagunean ere antzera, protokolo berdina landu dute, baina planteamendua aldatu egin dute "leku irekia" delako.

Emakumeen parte-hartzea

Emakumearen presentziaz jabetzeko eta emakumeen parte-hartzea sustatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte aurtengo saninazioetarako ere. Iaz egin zuten moduan, aurten ere Emakumeok Plazara ekimena egingo dute uztailaren 31n, igandean, 19:00etatik aurrera plazan. Bertan, emakumeek kulturara plazaratzeko aukera izango dute. Azpeitiko hainbat emakumek hartuko dute parte, euren esparruan, musu-truk, herriarentzat... Lilik adierazi duenez, "ekimenari zentralitatea eman nahi izan diogu. Indarra emateko, udaletxe aurrean egingo dugu ordu erdi inguruko jaialditxoa".

Txitximore superheroiaren bideoa ere eskainiko dute. Hilaren 30ean izango da emanaldia txosnetan, 22:00etan hasita. Aurten, ordea, "beste ikuspegi bat" eman nahi izan diote bideoari: "Beti negatiboa eta txarra izan gabe, ikuspegi positiboa eman nahi izan diogu, beste harreman eredu baterako aurrerapausoak emateko aukera ematen du. Erasoen inguruko lanketa egin da eta ligoteo sanoa izango da aurtengo ardatza".

Triptikoak ere kalean

Eraso sexisten inguruko protokoloarekin Udalak eta Festa Batzordeak elkarlanean triptikoak kaleratu dituzte. Etxez etxe banatu dituzte programarekin batera, eta tabernetan eta txosnetan ere egongo direla adierazi dute Lilik eta Segurolak. Eskuorri horiek iaz kaleratutako liburuxken jarraipena dira eta eraso sexistez, ezetz esateko eskubideaz, emakumearen autodefentsarako deiaz, gozatzeaz eta bateragarritasunaz... testu desberdinak jasotzen dituzte.