Iritsi dira txosnak herrira

Uztarria.eus 2011ko uzt. 28a, 13:07
Irudian, txosna bakoitzak aurtengo festetan izango duen lekua.

Gaur, osteguna, hasi dira txosnak muntatzen, eta zapatuan irekiko dituzte

Guztira zazpi txosna egongo dira; sei plaza atzean eta Zelai Luzen, eta bat plazan

Santioak pasatuta, Saninazioetara gerturatzen ari garela-eta, txosnak ere iritsi dira herrira. Sei txosna ohiko lekuan jarri dituzte, plaza atzean eta Zelai Luze hasieran: albiste honetako argazkian ezkerretik eskubira ikusten diren gisan, Urola Kostako Palestinaren Lagunak, Gazte Independentistak, Bilgune Feminista, Presoen Lagunak, Ezker Abertzalea eta Gaztetxea daude leku horretan.

Hilaren 30ean, 17:00etan irekiko dituzte txosnak eta 07:00etan itxi. 31n, berriz, 20:00etatik 06:00etara egongo dira irekita, eta abuztuaren 1ean, berriz, 18:00etatik 07:00etara.

Beste txosna bat ere egongo da, ordea, Festa Herrikoien Batzordekoa. Plazan egongo da eta ordutegi berezia izango du: egunero, 11:00etatik 01:00etara.

Gainera, eszenatokia eta jantokidun karpa ere jarriko dituzte. Jantokia uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean egongo da irekita, 20:00etatik aurrera. Plater konbinatuak zein bokatak egongo dira bertan, eta 100 bat lagunentzat lekua egongo da karpa barruan.

Baso berrerabilgarriak

Urteak dira Txosna Batzordeak baso berrerabilgarriak erabiltzearen aldeko apustua egin zuenetik, eta aurten ere horien aldeko aukera egin du.

.9.500 bat baso erabiliko dituzte saninazioetarako, eta edalontzi bakoitzak euro bat balioko du. Edalontzi berrerabilgarri gehienak aurreko urteetatik gordetakoak dira; berrikuntza bezala, aurten katxi tamainakoak ere banatuko dituzte. Gainera, basoa itzuliz gero, euroa itzuli egingo dute.