Sanagustinek eta Durangoko Plateruenak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2011ko uzt. 27a, 17:07
Alex Silva -ezkerrean- eta Beñat Gaztelu-Urrutia, hitzarmena sinatu ondoren. (KULTUR MAHAIA)

Azpeitiko kulturgunea Euskal Herriko kafe antzokien zirkuituan sartzeko bidea erraztuko du Plateruenak

Bi eragileek harreman iraunkorraren bidez esperientzia partekatuko dute

Azpeitiko Kultur Mahaiak —Sanagustin kulturgunearen proiekturako— eta Plateruena Durangoko Kafe Antzokiak azkeneko hilabeteetan izandako hartu-emana sakondu eta hitzarmena sinatu dute, kultur ekitaldien arloan lankidetzan aritzeko asmoz. Horren ondorioz, batetik, Sanagustin Azpeitiko kulturgunea Euskal Herriko kafe antzokien zirkuituan sartzeko bidea erraztuko du Plateruenak —2004an sortu zuten Plateruena—, "hartara kalitateko ekitaldiak errazago eta merkeago lortzeko". Bestetik, bi eragileek harreman iraunkorraren bidez esperientzia partekatuko dute.

Sanagustin kulturgunearen izenean Alex Silva Kultur Mahaiko elkarteko lehendakariak sinatu du hitzarmena, eta Plateruenatik Beñat Gaztelu-Urrutia kafe antzokiko kudeatzaileak, Durangon, aretoan bertan.

Euskal Herri mailako elkarlana

Sanagustineko eta Plateruenako arduradunek diote garrantzitsua dela norberaren herrian elkarlanean jarduteaz gain, Euskal Herri mailan ere hala aritzea.

Kultur Mahaiak uztailaren 22tik du Sanagustin kulturgunearen kudeaketa, eta hasierari buruzko balantze ona egin du.