Sagardoz bustita dator aurten ere Baserritarren Eguna

Uztarria.eus 2011ko uzt. 22a, 20:07
Sagardo Txapelketaren antolatzaileak, atzo (osteguna) Añota sagardotegian.

Astelehenean, Santio egunez, 23 sagardogilek hartuko dute parte XXXIX. Sagardo Txapelketan

Herritarren Saria emango duen epaimahaian emakumeak ere egongo dira, lehen aldiz

Sagardoz bustita dator aurten ere uztailaren 25eko Baserritarren Eguna. Astelehenean, Santio egunez, 23 sagardogilek hartuko dute parte XXXIX. Sagardo Txapelketan. Azken urteetako kopurua mantenduko da horrenbestez; plazaren bueltako arkupeetan tokia izan dezaketen adina parte-hartzaile ditu, izan ere, txapelketa ezagunak, Añota sagardotegian egindako aurkezpenean gogoratu zuten bezala. "Etorri, gehiago etorriko lirateke, baina ez daukagu lekurik", azaldu zuen Xebastian Lizasok, txapelketa antolatzen duten herriko soziedadeen izenean.

Urteroko legez, bi sari banatuko ditu sagardo txapelketak: Sari Nagusia, plazako oholtzan egongo den epaimahaiak emango duena; eta Herritarren Saria. Azken hau postuz postu ibiliko diren soziedadeetako kideek erabakiko dute eta, aurten, Herritarren Saria emango duen epaimahaian emakumeak ere egongo dira, lehen aldiz. Sari Nagusiko Epaimahaian ere emakumeak egotea zen asmoa, baina "berandu ibili" direla esan dute antolatzaileek, eta datorren urtean izan beharko du horrek.

Sagardogileek guztira 3.300 botila ekarriko dituzte astelehenean Azpeitira. Postuz postu agardoa dastatzeko edalontzia erosi beharko da, 3 euroren truke. Edanari laguntzeko jatekoa ere ez da faltako. Aspaldiko urteetan bezala, erretako txekorraren pintxoak ere salgai jarriko dituzte plazan. Eta aurten, orain dela bost urte egin bezala, hegaluze pintxoak ere dastatu ahal izango dira. Pintxoak euro batean salduko dituzte, eta jasotako dirua garapen proiektuetara bideratuko dute.

Uztailak 25, Baserritarren Eguna. Egitaraua::

  • 09:00etan: Herriko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari Taldearen eskutik, goiz eresia.
  • 10:00etan: Ilunpe Elkartearen XXVII. Pilota Txapelketaren finalak, Cesar Valverde Saria.
  • 11:00etan:
    • Eskualde mailako Ganadu Erakusketa eta Txapelketa.
    • XIII. Gazta Lehiaketa.
    • Loraldi, balkoi eta leiho lehiaketaren sari banaketa.
  • 12:00etan: XXXIX. Sagardo Txapelketa.

    Aldi berean, Loidisaletxe, Beñat Lizaso eta Xebastian Lizaso bertsotan, eta musika Laja, Mikel eta Ezenarro trikitilarien eta dultzaineroen eskutik.

  • 18:30ean:
    • Desenkajonamentua, zezen-plazan.
    • Kantu poteoa, Baigera elkartekoekin eta Gaztetxekoekin.
  • 19:30ean: Gauerdi txaranga, kalez kale.
  • 22:00: Gu gira kontzertua, plaza Nagusian, Gorka Knorr, Naia Robles, Erramun Martikorena, Mikel Markez eta Xabi Sansebastianekin.