Corrugadoseko langileak, "haserretuta"

Uztarria.eus 2011ko uzt. 22a, 18:07

Mugagabeko lan lekualdaketa agiria jaso zuten hamalau langileak uztailaren 28rako joan beharko dira Jerez de los Caballerosera (Badajoz, Espainia)

"Lan inguruko elkartasun eza ikusirik", oharra plazaratu dute

Joan den ekainaren 23an mugagabeko lan lekualdaketa agiria jaso zuten Corrugados Azpeitia enpresako hamalau langileak uztailaren 28rako joan beharko dira Jerez de los Caballerosera (Badajoz, Espainia). Enpresaren erabakiaren kontra auzibidera jo dute langileek; baina epaitegietan erabakia hartu bitartean, Badajozera lanera joatera behartuta daude, lanpostuak galdu nahi ez badituzte.

"Lan inguruko elkartasun eza ikusirik", oharra plazaratu dute hamalau langile horiek, bizitzea egokitu zaien "egoera gogorra" azaltzeko.

Hau da langileek zabaldu duten oharra, osorik:

Haserretuta!

"2011ko ekainaren 23an, Corrugados Azpeitia SL-ko 14 langilek, mugagabeko lan lekualdaketa ("Traslado indefinido") agintzen zuen komunikatu bat jaso genuen, Jerez de los Caballerosera, Badajozera, joateko hain zuzen. Hasieratik, enpresari gure desadostasuna adierazi genion eta baita ere auzitara eraman, neurri lotsagarria iruditzen zaigulako eta 970 milioi eurotako enpresa salmenta operazio baten barnean kokatzen delako. Nahiz eta saiatu Zuzendaritzak gure lekualdaketa, epaia ospatuko den epe ertain-luzera arte, atzeratu dezan, gure familiak bertan behera uztera beharturik aurkitzen gara, maletak egin, gastuak gure gain hartu eta 800 kilometro (gutxienez, 9 ordu autoan) egitera, uztailaren 28an Badajozen aurkezteko.

Egoera gogorra iruditzen zaigu eta ikusirik gure lan inguruko elkartasun eza, komunikatu hau bidaltzen dugu publikoki jakinarazteko gure egoera.

.14 kaltetuak".