Kultur Mahaiak ostiraletik kudeatuko du Sanagustin osatua, "Jose Mari Bastida proiektu hau salaketekin geratzen saiatu den arren"

Uztarria.eus 2011ko uzt. 19a, 22:07
Sanagustin kulturgunea, gaur.

20:00etan izango da ekitaldi irekia, mokaduarekin

Mahaiko Talde Eragileak dioenez, "Bastidak kultur proiektu hau judizializatuz geratu nahi izan du; herriko kultur taldeei errespeturik ez die erakutsi"

Azpeitiko Kultur Mahaiak ostiral honetatik aurrera kudeatuko du Sanagustin kulturgunea. Iazko abenduaren 11n ireki zen aretoa, Udalaren eta Kultur Mahaiaren elkarlanaren ondorioz, baina orain arte ekitaldietan baino ez da egon zabalik. Kulturguneak uneoroko dinamika izan behar duela iritzita, haren kudeaketarako lehiaketa zabaltzeko eskatu zion Kultur Mahaiak Udalari, honek joan den martxoan atera zuen eta herriko kultur bilgunearen proiektuak irabazi zuen. “Oso balorazio ona” egin zuen batzorde teknikoak.

Ardatza: kultura. Ostalaritza: diru iturri. Sanagustinek “egitarau aberatsa” izateko asmoz, “diru iturri propio garrantzitsuak” izatea ezinbestekotzat du Kultur Mahaiak, eta horretarako ostalaritza zerbitzua behar dela. Udalak hala finkatu zuen deialdi publikoan. “Azken batean, eskaintza integrala eman nahi da, betiere kultura dela ardatz eta kultura indartzeko”, bilgunearen arabera.

20:00etan hasiko da ekitaldia. Herritar oro, gonbidatuta. Ostiral honetan irekiko dute Sanagustin kulturgune osatua, tabernarekin. 20:00etan izango da inaugurazioa: ekitaldi laburra eta mokadua. Kultur Mahaiak herritar oro gonbidatu du.

Eraikina zaintzeko deia egin die Mahaiak denei. Kultur Mahaiak herritarrei Sanagustineko eraikina zaintzeko dei egin die. "Guztion ardura izango da hori".

Besterik. Plantillan zortzi langile egongo dira, Kultur Mahaiaren kooperatibak Udalarekin eraikinari buruzko kontratua sinatu du, proiektua autofinantzatzeko helburua dute ("ondorioz, Sanagustin Udalarentzat ez da gastua izango"). Informazio gehiago: lapikue.com

"Bastidak proiektu hau geratu nahi izan du, bi salaketa jarrita", dio Mahaiko Talde Eragileak

Sanagustin kulturgune osatuaren irekiera arriskuan izan da, Jose Mari Bastidak obrei buruzko salaketa bat aurkeztu zuelako duela bi aste, Kultur Mahaiko Talde Eragileak Mahaiko kideei eta bazkideei herenegun gauean jakinarazi zienez. Ez da Bastida alkate ohiaren salaketa bakarra izan hori, beste bat ere aurkeztu duelako EAEko Auzitegi Nagusian, helegite bati segida emanez.

"Bastidak herriko kultur taldeen proiektu honi errespeturik ez dio erakutsi". Kultur Mahaiko Talde Eragileak hark gaia judizializatzeko hartutako jokabidea txarretsi du: "Bastidak eskubidea du salaketak sartzeko, baina Azpeitiko kultur taldeen proiektu bati (honi) errespeturik ez dio erakutsi, eta errekonozimendurik ere ez taldeei".

Bastidaren salaketa bat, aipatu bezala, obrei buruzkoa izan da. Apirilean eta maiatzean Sanagustineko proiektua atal teknikoan impasse egoera batean egon zen udaletxean, eta Udalak gaiari berriro heldu zion ekainaren hasieran. Kultur Mahaiaren asmoa ostalaritzadun Sanagustin uztail bukaera aldera irekitzea zen. Hori hala, haren Talde Eragileak dioenez, "eta obratarako azken-azkeneko baimena lortzeko, Udala tramitetan zen duela aste batzuetatik Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bazeukan Aldundiaren balekoa baina sinadura falta zen (sinatzailea jai egunetan zelako). Obratan segitzeko nahikoa izaten da hori, ohiko prozedura da udaletan-eta, han eta hemen kontrastatu dugunez, baina Bastidak salaketa jarri zuen, eta egun batzuez obra geratu egin behar izan zen". Udalak lortua du falta zen sinadura hori.

Bastidaren beste salaketa ostalaritzako 25 metroko distantziaren udal ordenantzari buruzkoa izan da, ez dela betetzen esanez. Udalak maiatzaren 5eko plenoan erabaki baten bidez erantzun zion hari, esanez Sanagustin udal eraikin bat dela eta "udal intereseko proiektua" dela (helburu kulturalak...). Hala ere, Bastidak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen.

Bastidarekin lehen bilera, maiatzean. Talde Eragileak Bastidaren lehen helegitearen berri izan zuenean, bi ordezkari maiatzaren 5ean harekin bildu ziren Loiolan, ordubetez. "Bastidaren azalpenak entzun ondoren, Sanagustin osatuaren informazioa eman zioten hari, Kultur Mahai barruan proiektuaz egindako prozesua azaldu zioten, Udalak 1998tik Sanagustin kulturgune izateko egindako lana aitortu, elkarrekin berriro egoteko eskatu... Bastidak zioen EAJko juntakoekin egotea nahi zuela", dio Kultur Mahaiko Talde Eragileak.

Kultur Mahaia bi hilabetean harekin egon nahian. "Orduan Talde Eragilean diskrezioari eustea erabaki genuen, ez zabaltzea gaia, ea Bastidarekin hitz eginda eta gauzak azalduta arazoa konpontzen zen. Maiatzetik telefonoz dozena bat aldiz saiatu gara harekin hitz egiten, kalean ere bai elkar ikusita (azkena, uztailaren 5ean), baina Bastida beti ihesean bezala zen, eta hark beti esaten ziguna: egongo ginela, baina aurretik EAJko juntarekin hitz egin behar zuela gaiaz. Hala, elkarrekin egon gabe, uztailaren 7an jakin genuen haren salaketa baten berri, uztailaren 11n bestearen berri".

Legedi argudioak "aitzakia" proiektuaren aurka auzitegietara jotzeko. Kultur Mahaiko Talde Eragileak dioenez, Bastidak Loiolako maiatzeko elkarrizketa hartan aitortu zien legedi argudioak "aitzakia" bezala erabiliko zituela Sanagustineko proiektu honen aurka judizialki jotzeko. "Bera egitasmo hori geratzera zihoala esan zigun".

"Kultur Mahaiko kide denok dakigu Sanagustin osatuaren prozesua nola joan den: iazko azaroan hasi ginen, pauso denak segitu dira, azalpen denak eman dira, dokumentazioa, ekarpenak jaso, Mahaiko bilerak, aktak, batzarrak, bozketak. Ondorioz, herriko kultur mugimenduaren bilguneak hartutako erabakia izan da. Horrez gain, Udalak bere prozedura bete du (plenoak, bozketak, deialdi publikoa, adjudikazioa...), eta teknikoki posible zen obra egitea (Bastidak ezetz zion gurekin izan zenean, eta guk demostratu genion baietz, posible zela. Hala izan da). Baina Bastidak kultur proiektu hau judizializatuz geratu nahi izan du".

EAJko herri batzordeari deia. Kultur Mahaiko Talde Eragilearen ustez, eta Bastidak beti "EAJko junta" aipatu izan duela-eta, "gaia noraino iritsi den ikusita, EAJko herri batzordeak zerbait esan beharko luke".