Batzorde eraketarekin "oposizioa deuseztatu nahi" izatea egotzi dio EAJk Bilduri

Uztarria.eus 2011ko uzt. 8a, 20:07

Liberatuen kopurua "gehiegizkoa" eta gobernu koalizioko "taldeen arteko tentsioen ondorio" dela iritzi dio jeltzaleen Uri Buru Batzarrak

"Alkateak inbestidurako ekitaldian agindu zuen kontsentsu jarrera ere ez zen agertu, inolaz ere, Udalbatzaren osoko bilkura horretan", diote EAJkoek

EAJren Azpeitiko Uri Buru Batzarra (UBB) haserre agertu da Bildu koalizioarekin, Udaleko batzorde berriemaileen eraketaren eta zinegotzien liberazioen gainean proposatu eta ekainaren 30eko osoko bilkurak onartu zituen erabakiak direla eta. "Udal gobernu berriak oposizioa deuseztatu nahi du Azpeitian", diote, gaur, hilak 8, hedabideetara zuzendu duten oharrean.

UBBren iritzian, "oposizioa egiteko aukera murriztua geratzen da, eta ondorioz, demokraziaren funtsezko oinarri den kontrol-ahalmena ere bai". Batzorde berriemaileen osaketak -Bilduko hiru ordezkari eta EAJ eta Hamaikabateko ordezkari banarekin- udalbatzean alderdi bakoitzak duen zinegotzi kopuruarekiko "propoltzionaltasuna" ez duela mantentzen eta, batzordeetan EAJren "papera" ez dela "aitortu nahi" uste dute jeltzaleek. "Gure proposamenak 4-2-1 proportzioa proposatzen zuen, gure iritzian egokiagoa zelako alderdi bakoitzak duen ordezkaritzarekiko eta lortutako botoekiko. Badirudi oposizioaren lana, eta zehatzago, EAJ-PNVren presentzia, propio eta nahita murriztu nahi dela", diote oharrean.

Liberatuen kopurua "gehiegizkoa" eta gobernu koalizioko "taldeen arteko tentsioen ondorio" dela ere iritzi dio jeltzaleen Uri Buru Batzarrak. "Udalaren kontura liberatutako pertsonen kopurua ia-ia bikoiztu egin da, amaitu berri den legealdian zeuden bi liberatuetatik oraingoaren hasieran dauden 3,3 liberatuetara pasatuz", azaldu dute. EAJren ustez, liberazioetako "bat, behintzat, irizpide politikoetan oinarritua" dago, "udal jarduerekin zerikusirik ez duten irizpideetan oinarritua". Liberazioen atalean erabakitakoak kalte ekonomikoa ere ekarriko dio Udalari, jeltzaleen aburuz. Soldatetan, "lehengo 95.000 euroko gastu batetik urtean 150.000 euroko gastura" pasatuko omen da Udala. "Garai berriak direla diote, baina badirudi poltrona zaharren bidetik".

Batzorde berriemaileen kopurua handitu izana ere -aurreko legealdian hamaika ziren eta hemendik aurrera hamabi izango dira- kritikatu du Azpeitiko EAJren zuzendaritzak, "gainerako herrietan, eta Foru Aldundian bertan, batzordeak gutxitzearen bidetik jo denean, eta gutxitze hori agertuz aurrerapauso moduan. Harrigarria, benetan, Azpeitian, garai zailetan, eraginkortasuna eta austeritatea bultzatzeko hartu den bidea!".

Erabakiak adosteko borondaterik ez dio ikusten, gainera, Bilduri EAJren UBBk, eta oposizioaren proposamen "bat bera ere aintzakotzat ez hartzea" egotzi dio: "Alkateak inbestidurako ekitaldian agindu zuen kontsentsu jarrera ere ez zen agertu, inolaz ere, Udalbatzaren osoko bilkura horretan", diote EAJkoek, kontsentsu hitza komatxoen artean jarrita. Ekainaren 30ean erabaki guztiak soilik udal gobernuaren botoekin onartzeak, "garai berri hauetan desagertua egongo zela uste genuen jarrera antidemokratiko garbia" erakusten du, UBBren arabera, garai berri hitzak ere komatxoen artean jarrita.