Zapatuan Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin du hainbat herritarrek

Uztarria.eus 2011ko eka. 30a, 14:06
Herriko hainbat eragile, talde, alderdi, sindikatu eta norbanakok hartu zuten parte agerraldian.

Azpeitiko hainbat eragile, talde, alderdi, sindikatu eta norbanakok hartu zuten parte agerraldian

Zapatuko manifestaziora joateko autobusa antolatu dute eta 16:30ean Etxe Zuri aurretik abiatuko da

Atzo, asteazkena, 'Bateragune auzia'-ren eta datozen hilabeteetarako iragarrita dauden epaiketen harira, Azpeitiko hainbat eragile, talde, alderdi, sindikatu eta norbanakok agerraldia egin zuten. Epaiketa horiek "politikoak" direla eta "xede politiko nagusi bati erantzuten" diotela adierazi zuten: "herri honetan zabaldu den garai politiko berria oztopatzea eta garai politiko berri hori zabaltzeko ahalegin berezia egin duten hainbat militante politiko zigortzea dute helburu".

Entzutegi Nazionaleko epaiketen helduleku juridiko bakarra "ilegalizazio politika" dela adierazi zuten. Urteotan herri honen ordezkaritza politiko eta sozial garrantzitsu baten parte hartze legalari ateak ixteko garatutako politika dela eta, modu horretan, milaka herritarren eskubideak zapuztu eta hamarnaka militante politiko atxilotu eta espetxeratu dituztela gaineratu zuten. Estrategia horrek herri honen gehiengoaren aldetik ezezko borobila jaso duela ere esan zuten.

Epaiketa horiek, estatu espainolaren "sakoneko defizit demokratikoa eta botere banaketa eza erakusten" dute: "Izaera antidemokratikoak ideia politikoen defentsa eta antolatzeko eskubidea ukatzen dizkiolako euskal gizartearen zati garrantzitsu bati. Botere banaketa eza, berriz, PP eta PSOEren ideia politikoen eta estrategien luzapena baino ez delako estrategia hori".

Agerraldiari bukaera emateko, eragileei eta gizarteari orohar, garai berria oztopatu nahi duten epaiketen aurrean "jarrera aktiboa hartzeko deia luzatu" zieten bertaratu zirenek. Horrenbestez, datorren zapatuan, uztailak 2, Donostian Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Azpeititik. 16:30ean abiatuko da Etxe Zuri aurretik.

Honakoak dira agerraldian parte hartu zuten eragile, talde, alderdi, sindikatu eta norbanakoak:

EA, ezker abertzalea, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Bilgune Feminista, Gazte Independentistak, EHNE eta LAB sindikatuak, Udalbiltza, Egunkaria eta gazte mugimenduaren kontrako epaiketetan auziperatutako herritarrak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Iraurgi Ikastetxeko irakasleak, preso ohiak, presoen senideak eta kirolariak.