Kepa Peñagarikanon ASPErekin bi urterako kontratua sinatu du

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 30a, 13:06

Atzelariak Asegarcen jokatu du azken hamar urteetan, eta uztailaren 1ean amaitzen zaio kontratua

"Asegarceren kontratua amaitzean, niretzat pilota amaitua zela sinisten hasia nengoen", dio Peñagarikanok

Kepa Peñagarikano 30 urteko beizamar pilotaria ASPEn ariko da datozen bi urteetan. Hala jakinarazi zuen atzo, asteazkena, pilota enpresa eibartarrak.

Atzelariak Asegarcen jokatu du azken hamar urteetan, eta uztailaren 1ean amaitzen zaio kontratua. ASPEk bi urtetarako eskaintza egin izanak "ilusioz bete" du pilotaria, eta pilotan jarraitzeko indarra eman dio. Izan ere, "Asegarceren kontratua amaitzean, niretzat pilota amaitua zela sinisten hasia nengoen", dio Peñagarikanok. "Aukera honek ilusio handia eragin dit", onartu du pilotariak.

Uztailaren 1etik ariko da, beraz, Peñagarikano ASPEn eta uztailaren 17an jokatuko du lehen partida, Zarautzen.

10 urte maila profesionalean

Hamar urte darama Peñagarikanok maila profesionalean. 2001eko uztailaren 6an debutatu zuen Izarraitzen. Ordutik lortutako garaipenen artean aipagarriena 2003an 2. mailako banakako txapelketan lortutakoa da.