Kilometroak 2011ko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Uztarria.eus 2011ko eka. 29a, 15:06

Gaur, asteazkena, izan da aurkezpena Donostiako Ikastolen Etxean

Abestiaren hitzak Pako Aristirenak dira eta Ze Esatek! taldeak musikatu du

Gaur, asteazkena, aurkeztu dituzte Kilometroak 2011 ko abestia eta bideoklipa, Donostiako Ikastolen Etxean. Abestiaren letra Pako Aristi idazleak egin du. Musika, berriz, Ze Esatek! taldeak sortu du eta Olatz Pratek eta Juan Antxieta Musika Eskolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek ere abesten dute. Bestalde, hainbat herritarrek hartu dute parte bideoklipean: Kepa Peñagarikano pilotariak, Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Eguzkiñe Peña, Jagoba Beobide, Alex Altolagirre, Mikel Orbegozo eta Hodei Mendinueta futbolariek, Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoek...

Aurkezpen ekitaldian izan dira Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ordezkariak, Pako Aristi letraren egilea, Ze Esatek! taldeko kideak eta Olatz Prat abeslaria. Igor Elortza Kilometroak 2011ko koordinatzaileak adierazi duenez, "festa giroko kanta egin nahi genuen; alaia, dantzagarria eta freskoa. Unai Frantzesenarekin kontaktuan jarri ginen eta hala hasi ginen lanean". Eskuartean duten produktuarekin "oso gustura" daudela jakinarazi du Elortzak.

Aitor Unanue Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lehendakariak ere hartu du hitza, eta abestia eta bideoklipa elkarlanean egindako proiektuak izan direla azpimarratu du. Abestiaren egileei eta kolaboratzaile guztiei eskerrak eman dizkie ikastolaren izenean.

Pako Aristi abestiaren hitzen egilea ere aurkezpenean izan da eta abestia "igande arratsalde koloregabeko batean idatzi" zuela aitortu du, igande arratsalde horiek produktiboak izan daitezkeela frogatuz. Aristik esan duenez, "poza eta ohorea sentitu nituen letra idazteko proposamena egin zidatenean, ikastolak asko estimatzen ditut-eta". Ikastolak herri ekimenaren "lorpen handienetarikoak" direla ere esan du urrestildar idazleak. Sorkuntzaz ere hitz egin du Aristik: "Zerbait berria sortu behar nuen, eta zerbait aportatu behar nuen, baina horretarako baldintzak nituen". Abestiaren azkenengo bertsoa nabarmendu du Aristik: "Euskararen erabilera beherantz doala diote ikerketek, eta ez da ari garatzen. Azpeitia, ordea, oso herri euskalduna da, mundu guztiak euskaraz hitz egiten du. Abestiaren azken bertsoan euskararen historia jaso dut, hitz egindako hizkuntzak bizirik irauten duelako".

Ze Esatek! taldeko Iñaki Rodriguezek hartu du hitza segidan, eta eskerrak eman dizkie taldearen izenean Kilometroak 2011ko antolatzaileei. Orain arte Kilometroetako parte-hartzaile izan direla esan du eta, orain, parte izatera pasatu direla. Ardura handiko lana izan dela ere esan du Rodriguezek. Abestiarekin gustura gelditu direla azpimarratu du Ze Esatek! taldeko kideak: "Abestia erraza eta sarkorra da, jai nortasuna du, eta gustura gelditu gara". "Ea zuei ere gustatzen zaizuen", esanez bukatu du hizketaldia.

Urriaren 2an, igandea, izango dira Kilometroak Azpeitian.