Oihane Amenabarrek literatur lehiaketa irabazi du Salamancan

Uztarria.eus | Kultura
2011ko eka. 29a, 10:06

Salamancako I. Genero Beltzeko Ipuin Laburren lehiaketa irabazi berri du Creación infantil lanarekin

Bihar, osteguna, jasoko du saria Amenabarrek Salamancan

Oihane Amenabar (Azpeitia, 1990) Espainiar Filologiako ikasleak Salamancako I. Genero Beltzeko Ipuin Laburren lehiaketa irabazi berri du. Eleberri eta Film Beltzen Kongresuak antolatu zuen lehiaketa, El Corte Inglesekin elkarlanean, eta Amenabarren Creacion infantil ipuina izan da epaimahaiko kideentzat onena. Bihar, osteguna, jasoko du saria azpeitiarrak Salamancan.

.40tik gora ipuin jaso zituzten antolatzaileek eta lehiaketako antolakuntzako kideek eta Salamancako Unibertsitateko irakasleek osatu dute epaimahaia.

Uztarria.com-ek Oihane Amenabarrekin hitz egin du:

Zer dela-eta bidali zenuen ipuina lehiaketara?

Probatze aldera bidali nuen ipuina. Beti gustatu izan zait genero beltza; bai irakurtzeko eta bai idazteko. Aukera ona zela pentsatu nuen, neure burua proban jartzeko. Idazteko balio dudan ala ez ikusteko.

Irabazteko esperantzarik ba al zenuen?

Ez nuen irabazterik espero, ez horixe! Lehiaketaren irabazlea nor zen, berez, maiatzean esan behar zuten, eta ja ahaztuta-edo zeudela uste nuen.

Nola hartu zenuen berria?

Kongresuaren Facebook sare sozialeko egoeran irakurri nuen irabazi egin nuela, eta ezin sinetsita gelditu nintzen. Egia zela sinesteko hamar aldiz leitu behar izan nuen esaldi hura.

Bihar arratsaldean izango da sari banaketa. Urduri al zaude?

Urduri nagoela esatea gutxi da. Prentsa-eta han egongo da, eta horrelako zerbait irabazten dudan lehenengo aldia da... beraz, pentsa. Dardarka nago dagoeneko.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu