Sanjoanetan "parte hartzera animatu" nahi du jendea Urrestillako Festa Batzordeak

Uztarria.eus 2011ko eka. 22a, 20:06
Urrestillako Festa Batzordekoak, Lasturretik ekarri duten txosna prestatzen.

Ekainaren 23tik 26ra luzatuko dira aurten ere festak

Herri afariaz batzordekoak arduratuko dira, lehen aldiz, eta txosna ere irekiko dute plazan

Urrestillako San Joan festak ate joka dira dagoeneko. Ostegun arratsean, San Joan bezperan, botako dute txupinazoa, eta ekainaren 26a arte, igandera arte, luzatuko dira aurten ere festak.

Urrestillako Festa Batzordeko kideak lanpetuta dabiltza sanjoanak hasi aurreko egunotan. Festetako lau egunetarako prestatu duten egitaraua ondo betetzeko gauza asko prestatu eta lotu behar izaten da, eta estuasunak inoiz ez dira falta. Aurten, gaindera, lana pilatuko zaie batzordekideei. Izan ere, 2011ko sanjoanetako berrikuntza nagusiek erronka suposatuko dute Festa Batzordearentzat.

Herri afaria, herri ekimena

Aurreneko berrikuntza San Joan bezperako herri afariarekin iritsiko da. Festen lehen ekitaldi handia izaten da urtero plazan edo frontoian -eguraldiaren arabera- egiten den afari jendetsua. Afari hori Antxieta Elkarteak eman izan du beti, baina aurten Festa Batzordeak hartuko du ardura nagusia, batzordeak berak hala erabakita. "Herri afaria herriko ekimena izan behar da, eta herrikoia", azaldu dute Festa Batzordeko kide Ane Unanue, Nekane Nazabal eta Ainhoa Urbistondok, eman duten pausoa azaltzeko.

Antxietakoei proposamena egin zietenean "arazorik gabe" onartu zutela diote: "Segituan eman ziguten baiezkoa, eta dena erraztu digute, gainera. Guk afariaren antolaketa eta prestaketa egingo dugu, soziedadetik, mahaiak-eta jarri eta afaria zerbitzatzeaz gain; azken hori lehen ere egiten genuen. Txuletak erretzeko parrilla eta parrilleroak, berriz, betikoak izango dira".

Herri afarirako 200 txartela sarri zituzten salgai, eta asteartean dagoeneko guztiak salduta zeuden.

Txosna plazan

Aurtengo Urrestillako festetako beste nobedade aipagarriena Festa Batzordeak plazan irekiko duen txosna da. Sanjoanetako lau egunetan izango da martxan, eta hamahiru txanda prestatu dituzte.

"Iaz asmoa bagenuen, baina azkenean ez genuen jarri. Festetan, denek esaten ziguten, txosna bat falta zela, eta aurten ia jarri beharra geneukan", diote batzordekideek. Urrestillan, bere garaian, Festa Batzordeak taberna jartzen zuen, festetarako xoxak biltzeko, baina urte asko igaro dira azken aldiz horrelako zerbait martxan jarri zenetik. "Aurrekoen erreferentziarik ez" dute gaur egungo batzordekideek eta, ekonomikoki, helburua "enpaztea" dute. Txosnarekin lortu nahi duten helburu nagusia, baina, aurrera begirakoa da: "Jende gehiago erakartzea suposatuko du, festak indartzea, diru-iturria baino gehiago".

Txosna baliatuko dute, era berean, zapatu iluntzean, hilaren 25ean, plazan emango duten luntxa zerbitzatzeko. Txotxeko sagardo eta guzti egingo dute, haragi edo txorixo egosi razioa aukeran, bost euroren truke.

Ekainaren 25ean haurrentzako ikuskizuna prestatu dute arratsalderako, baina umeentzako jolasak eta merienda, aurten, 26ra aldatu dituzte. San Joan eguneko arratsalderako, berriz, herriko gazte eta beterano nahasian ariko dira herri kirol deman.

Festetan "parte hartzera animatu" nahi du jendea Urrestillako Festa Batzordeak. Parte-hartze hori aurretik ere sustatu nahi izan dute, "aurreneko aldiz" festen antolaketarako deialdia eta batzar irekia ere egin dituztelako aurten.

Azpeititik autobusak

Bestalde, Azpeititik Urrestillarako joan-etorria egiteko autobus zerbitzua egongo da aurten ere sanjoanetan, Udalak bideratuta, euro baten truke.

Autobusen ordutegia honakoa izango da:

  • Ekainak 23, osteguna:
    • Azpeitia-Urrestilla: 18:45ean eta 22:30ean.
    • Urrestilla-Azpeitia: 03:00etan eta 06:00etan.
  • Ekainak 24, ostirala:
    • Azpeitia-Urrestilla: 18:45ean.
    • Urrestilla-Azpeitia: 22:30ean eta 03:00etan.
  • Ekainak 25, zapatua:
    • Azpeitia-Urrestilla: 19:30ean eta 22:30ean.
    • Urrestilla-Azpeitia: 03:00etan eta 06:00etan.