Iraurgi Cup-a, "egundoko arrakasta"

Uztarria.eus 2011ko eka. 20a, 19:06

Finalean Sevilla penaltietan gailendu zitzaion Espanyoli, baina andaluziarrek katalanei eman zieten garaikurra

Oihartzun handia izan du komunikabideetan Sevillakoen ez ohiko erabakiak

Atzo, igandea, bukatu zen Garmendipen ostiraletik hasita hiru egunez luzatu den aurreneko Iraurgi Cup-a. Alebin mailako futbol txapelketak maila ederreko neurketak eman ditu eta jarraitzaile asko erakarri ere bai, bai Azkoitira eta bai Azpeitira. Astean zehar balorazio sakonagoa egiteko astia izango dutela aurreratu dute antolatzaileek baina, oro har, oso pozik agertu dira, txapelketa "egundoko arrakasta" izan delako.

Kiroltasuna nagusi

Finalaren ondoren jazotakoa han eta hemen entzun eta ikusi ahal izan da gaur, eta ez hemen bakarrik. Sevillak eta Espanyolek jokatu zuten finala. Arauzko denbora beteta, 4-4 bukatu zen partida eta, horrela, penalti jaurtiketekin erabaki behar izan zuten txapeldunaren izena. Sevilla penaltietan gailendu zitzaion Espanyoli, baina andaluziarrek katalanei eman zieten garaikurra. Andaluziareen entrenatzaile Ernesto Chaok, jokalariekin hala hitz eginda, antolatzaileei baimena eskatu eta Bartzelonako taldeari eman zien txapeldunen garaikurra, astebukaeran zehar eta finalean bertan ere hobetu jokatu zutela aitortu asmoz. Espanyolekoak, gainera, alebin mailako lehen urteko jokalariekin aritu ziren, maila horretako gazteenekin, alegia.

Oihartzun handia izan du komunikabideetan Sevillakoen ez ohiko erabakiak. Estatu mailako egunkari eta telebistetan eman dute Iraurgi Cup-aren finalean gertatutakoaren berri, eta horrekin ere gustura agertu dira gaur antolatzaileak. TVE-n eta Tele 5-n, esaterako, Erlo Telebistak utzitako irudiak erabili dituzte albistegietako kirol informazioaren tartean.

Sevillak irabazi eta Espanyolek etxera eraman zuen garaikurraz gain, Valladolid taldeak jaso zuen fair play edo joko garbiaren saria, eta Sevilla taldeko Alejandro Viedma Vegari eman zioten txapelketako jokalari onenaren saria.