Kilometroak-eko metroak babesteko ekimena abiatu du Ikasberri ikastolak 'Berria'-ren babesarekin

Berria.info 2011ko eka. 17a, 18:06
Martxelo Otamendi, BeƱat Auzmendi, Aitor Unanue eta Koldo Tellitu, gaurko aurkezpenean.

Aurtengo Kilometroak jaiak aukera emango die enpresa, saltoki eta elkarteei Internet bidez festaren metroak babesteko, Klikmetroak ekimenarekin

Modu birtualean metro bana egingo duten pertsonak eta metro horiek ordainduko dituzten babesleak elkartu nahi ditu ikastolak

2011ko Kilometroak festaren barruan, Klikmetroak.com ekimena eta webgunea jarri ditu martxan Ikasberri Azpeitiko Ikastolak. Pertsona bakoitzak birtualki metro bana egin eta ibilbideari ahalik eta itzuli gehien ematea da helburua. Eta elkarte, enpresa, komertzio eta bestelakoek metro horiek babestu egingo dituzte.

Neurri batean bada ere, 1977ko Kilometroen filosofia berrasmatu nahi izan du Ikasberrik ekimen honen bidez, orduko ezaugarriak egungo gizartera egokituz. Hain zuzen ere, hasierako Kilometroak haietan, egindako kilometroen arabera ematen zuten dirua babesleek. Orain, berriz, sarearen bitartez egingo dute.

Berria-k Klikmetroak ekimena babestuko du. Gaur Azpeitiko ikastolan eginiko ekitaldian, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariak lehenengo metroak hartu dituzte, Berria-ren, Ikastolen Elkartearen eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren izenean, hurrenez hurren.

Azpeitian orain arte bi aldiz izan dira Kilometroak: 1979an eta 2000n.