Festa giroa izango da Urrestillan eta Nuarben asteburuan

uztarria.com, Urola Kostako Hitza | Festak
2011ko eka. 17a, 11:06

Gaur, ostirala, hasita, pilota partidak, herri krosa eta jubilatuen eguna izango dira Urrestillan, besteak beste

Bihar, zapatua, hasiko dira Nuarbeko Trinidade festak eta astelehenean bukatuko dira

Gaur,ostirala, hasiko dira Urrestillako San Joan festen baitan antolatu dituzten ekimenak. Hala, pilota partidak izango dira 22:15ean hasita, Txikuri frontoian.

Bihar, zapatua, berriz, Herri krosa izango da 17:00etatik aurrera eta, segidan, 19:30ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantujira egingo dute goizaldera arte.

Igandean, hilak 19, Jubilatuen Eguna ospatuko dute Urrestillan. 12:00etan Meza Nagusiarekin emango diote egunari hasiera. 12:45ean, txistulariak izango dira eta, gero, 14:00etan jubilatuen bazkaria egingo dute. Arratsaldean, aldiz, herri kirolak izango dira.

Trinitateak Nuarben

Asteburuan ospatuko dituzte Nuarbeko Trinitate festak ere. Bihar, zapatua, 15:00etan itxaferoak botako dituzte festei hasiera emateko. 19:00etan, berriz, toka txapelketari ekingo diote eta 20:30ak bitartean jardungo dute jokoan, ordu horretan herri afaria izango baita.

Afalostean su artifizialen emanaldia izango da, eta musika eta dantza giroa izango dira nagusi gauean, Kupela taldeak erromeria eskainiko baitu auzotarrentzat nahiz bisitarientzat.

Urteroko ohiturari jarraituz, goizaldean baratxuri zopa banatuko dute parrandazaleentzat.

Festa Batzordeak adierazi duenez, gazteen tabernan 80. hamarkadako musika jarriko dute aurten, "garai bateko musika ez da faltako behintzat".

Igandean izango da Trinitate Eguna, festetako egun handia. 12:00etan, meza egingo dute, eta, ondoren, mokadutxoa banatuko dute denentzat. Azpeitiko Musika Banda gazteak jantziko ditu festak musikaz.

Arratsaldean herri kirol jaialdia izango da, 18:00etatik aurrera. Arratsalde eta gau osoan zehar, Izer eta Alabier txikitilariak izango dira giroa alaitzeko arduradunak, afalaurretik hasi eta goizaldera arte.

Astelehenean, Trinidade bigarrenez, 17:30ean ume jolasak izango dira urteroko legez, auzoko txikienek ere festez goza dezaten. Ondoren, txokolatea banatuko diete denei. Arratsean, Laja eta Narbaiza trikitilariak ariko dira jaietako azken doinuak jotzen eta gauerdian puntuan botako dute festei bukaera emango dion azken traka.

Nuarbeko Festa Batzordeak auzotarrei eta auzokoak ez direnei dei egin die festetara animatu eta parte hartzera.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu