Aitor Zinkunegi: "Olatu bat hartu dugu eta, orain, muturreraino eraman nahi dugu"

Uztarria.eus 2011ko eka. 3a, 13:06

Sanjuandegiko Festa Batzordeak igandera arteko egitaraua antolatu du auzoko festetarako

Aitor Zinkunegi Xanjuandegiko Festa Batzordeko kidea da

Ikusi bideoan Mantangorriren etorrera eta festen hasiera

Aste guztian zehar hainbat ekimen egin dituzte Sanjuandegiko Festen baitan, auzoko Festa Batzordeak antolatuta. Hala ere, astebururako ekimen ugari antolatu dituzte eta gaur, ostirala, Mantangorriren jeitsierarekin hasiko dira festak. Uztarria.com-ek Festa Batzordeko Aitor Zinkunegirekin hitz egin du:

Noiz hasi zineten festak antolatzen? Eta, noiz elkartu zarete?

Aurreko urtean bezalaxe, otsailean hasi ginen elkartzen. Lehendabizi, iazko jaietako balorazioa errepasatu genuen nola joan ziren gogoratzeko. Iazkoetatik, zer mantendu eta zer aldatu eztabaidatu genuen. Behin eskema osatuta, egitaraua lotzen hasi ginen eta astearteetan egin ditugu bilerak.

Zenbat lagun ibili zarete antolakuntzan?

Ez dago kopuru zehatzik. Asteroko bileretara hamabost bat auzotar agertzen gara, baina inguruan dozenaka lagun ditugu ekarpenak egiten. Zenbaki polita emango luke guztion baturak, bat baino gehiagoren harridurarako.

Iazkoa ikusita, aurten ere jende asko espero al duzue festetan?

Espero dugu, baina ez iazkoagatik. Beti ibili ibili izan da jende asko Sanjuandegiko festetan: buruhandietan, herri kiroletan, dantzetan... Espero duguna baino bilatzen ari garena bestelakoa da: auzotarrak festetan parte hartuaz gozatzea nahi dugu, geure arteko komunkazioa sendotzea, auzoaren berezitasunetik herriari ekarpen bat egitea... Kantitateari baino gehiago, kalitateari begiratzen diogu.

Mantangorria ere ezaguna egin da jada. Nondik sortu zen ideia?

Ez daukat oso argi nondik sortu zen ideia. Gogoan dudanagatik, pixkanaka garatzen joandako ideia dela esango nuke. Mantangorriak eguraldia iragartzen zuela eta zorte ona emango zigula, festei hasera emateko balkoitik zerbait jeitsi behar genuela, umeentzako erakargarria izango zela, lepoko zapiek flamenkoenak ziruditela... Azkenean, apustua egitea erabaki genuen. Jada jasotako erantzunak baieztatu du aukera egokia izan zela.

Talde ezagunen kontzertu antolatu dituzue. Hori al da aurtengo apustu nagusia?

Aurrez aipatu bezala, kalitateari eman nahi izan diogu garrantzia. Musika aldetik adibidez, estilo aniztasuna bilatu nahi izan dugu. Baina egia esan, kontzertuei dagokienean urrats bat ematen saiatu gara.

Dena den, gure apustu nagusia festak dira orokorrean. Bide horretan dago kontzertuak antolatzerakoan emandako urratsa, baina azpiegitura indartzea, bertso afaria antolatzea, auzo bazkariaren inguruko lanketa eta beste hamaika ekimen ere hor daude.

Auzoko festak berrindartzea lortu duzuela dirudi. Sanjuandegiko auzotarrez haratago, herriko jendea erakartzea lortu duzue.

Urteetan egin da lan asko Sanjuandegin. Hasteko garbi utzi nahi dut, zailtasunak sortu zirenean jende batek jarraitu izan ez balu, festak galduta egongo liratekeela.

Guri udaberri bat bizitzea tokatu zaigu. Olatu bat hartu dugu eta orain muturreraino eraman nahi dugu, ahalik eta potentzial handiena askatuz.

Aitzitik, guretzat garrantzitsuena auzoko jendea bertan gelditzea izan da beti. Horrekin nahikoa dugu festa eder batzuk ospatzeko. Dena den, ongi etorria izango da datorren guztia. Egia esan, poz ematen du jendea etortzeak. Horma bat bota dugunaren sentsazioa dut.

Argi daukat, auzoko festek herriari ere sekulako ekarpena egiten dietela. Sinetsita nago, Urrestillako, Landetako, Loiolako... festak indartzeak, Azpeitiko (Urrestildarren baimenarekin) giroa indarberrituko lukeela. Kolorea eta bizitasuna emango lizkiokela herriari.

Zein da festetarako duzuen erronka nagusia?

Gure erronka nagusia auzotarrok Sanjuandegiko festak geure egitea da. Hau da, festak indartzen jarraitzea, baina auzo izaera berezitua mantenduta.

Sanjuandegiko festetara joan ala ez zalantzan dabilen horri zer esango zenioke?

Auzokoei, festan murgiltzeko eta gurekin harremanetan jartzeko. Festen antolakuntzan aritzeak festa bizitzeko beste modu bat ematen du eta, niretzat behintzat, askoz ere biziagoa eta ederragoa da.

Auzokoak ez direnei, berriz, gure bloga (www.blogak.com/xjauzolanean ) bisitatzeko eta egitarauari bistadizo bat emateko esango nioke. Ziur nago gustuko ekimenen bat aurkituko duela-eta.

Gainontzekoei, auzora urbiltzeko, parte hartuaz gozatzeko eta Azpeitiko beste errealitate bat ezagutzeko esan besterik ez. Iaz lagun batek hala esan zidan goizeko ordu txikitan: "Etxetik hamar minutura nagok eta parrandara beste herri batera etorri naizen sentsazioa diat!".