2011ko hauteskundeen inguruko Aralarren hausnarketa

Juankar Arellano (Azpeitiko Aralarren izenean) 2011ko eka. 2a, 14:06
Azpeitiko Aralarreko kideak. (Azpeitiko Aralar)

2011n izan diren hauteskundeak aztertu ondoren, honako hausnarketa egin du Azpeitiko Aralarrek:

Ezer baino lehen, zorionak eman nahi dizkiegu hauteskunde hauetan bozka gehien jaso eta irabazle garbi izan den Bildu koalizioari eta Eneko Etxeberria alkategaiari. Euskal Herrian, orokorrean, izan du arrakasta Bildu eta bereziki Gipuzkoan. Noski, Azpeitian ere bai.

Aralarren emaitzak kaskarrak izan dira Gipuzkoan, eta bereziki Azpeitian. Badira arrazoiak horretarako. Besteak beste, Sortu ez legalizatzeak, eta Bildu azken ordura arte ilegalizatzeko arriskuan egoteak boto emaileen haserrea bideratu duelakoan gaude.

Baina, Azpeitian badira berezitasunak. Udaleko gehiengoa nork eskuratu eta alkatetzarako lehiak Bilduren aldeko joera areagotu duelakoan gaude. Azpeitiko Aralarrek ez du jakin talde ezberdinen arteko ezkerreko gehiengo zabal batek ekarriko lukeen onuraren mezua helarazten. Gure ustez, talde bakar baten gehiengo absolutua baino hobea litzateke hori. Gainera, gure programa zabaltzeko egin dugun kanpaina erdi bidean gelditu dela deritzogu. Hortik, eskuratu ditugun emaitzak.

Dena dela, biziki eskertu nahi dugu Azpeitiko 325 herritarrek gure proiektuari eman dioten babesa, eta beraien esanetara gelditzen gara proiektu hori aurrera atera dezagun.

Bukatzeko jakinarazi nahi dizuegu, bai bozka eman diguzuenoi, bai herritar guztioi, Aralar hausnarketa egiten ari dela ezker abertzale anitzaren eraikuntzan eta bakegintzan egin behar duen ekarpenaren inguruan. Sinesten dugun bide horretan lanean jarraituko dugu.

Eskerrik asko guztioi!