Gipuzkoako Harri Txikien txapela bosgarren aldiz jantzi du Aimar Irigoienek

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 31a, 12:05

Larunbatean Urnietan jokatu zuten lehia, eta erraz gailendu zen

Altxatu beharreko harri guztiekin irabazi zuen

Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa irabazi du, bosgarren urtez jarraian. Urnietan jokatu zuten norgehiagoka larunbatean, eta aise gailendu zen errezildarra. Hiru harri bizkarreratu behar izan zituzten lehiakideek: 125 kiloko zilindro berria, 112.5 kiloko kubikoa, eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin 3 minutuko saioa egin zuten parte hartzaileek.

Harri guztiekin nagusi

Errezildarra zen larunbateko txapelketa irabazteko faborito argia, aurreko lau urteetan ere marka ikusgarriak lortu baitzituen (9.087,5 kilo iaz eta 9.612,5 kilo duela bi urte) eta aurreikuspenak bete egin ziren. Izan ere, harri guztiekin izan zen nagusi Irigoien. 125eko kopa 30 aldiz jaso zuen, 20 aldiz 112,5eko kuboa, eta 28 bider 100 kiloko bola. Guztira 9.050 kilo bizkarreratua lortu zuen errezildarrak harri txikietako Gipuzkoako bosgarren txapela.

Bigarren postuan eta txapeldunetik zazpi jasoaldira gelditu zen Jexux Mari Urrutia, 8.275 kilo altxata. Hirugarren postua lortu zuen Urtzi Telleria urnietarrak, 7.525 kilo jasota.

Aiarren kontrako apustua

Ekainaren 19an Aian jokatzekoa den apusturako prestaketan murgilduta dago Irigoien. Bertan 125 kiloko zilindro zaharrarekin Jose Antonio Gisasola Zelai-k egindako 123 altxaldiko marka gainditu beharko du Irigoienek.