Giro ederrean joan da aurten ere Xoxoteko Eguna

Uztarria.eus | Festak
2011ko mai. 30a, 18:05

Aurten 45 umek jaso dituzte Lagun Onak MBk banatzen dituen dominak

Alberto Iñurrategi jesulaguna ere omendu zuten

Dominak jaso zituzten haur eta gaztetxoak, Lagun Onak MBko kideekin. (LAGUN ONAK MB)  Argazki originala

Eguraldi ederra lagun, giro ederrean joan da aurten ere Xoxoteko Eguna. Atzo, hilak 29 eta maiatzeko azken igandea, mendizale ugarik egin zuen bat Lagun Onak Mendi Bazkunak Izarraizko tontorrean antolatutako festa egunarekin.

Usadioa berritu zuten beste behin Azpeitiko mendizale elkartekoek eta, horrela, Xoxoteko Eguna baliatu zuten mendizale gaztetxoenak saritzeko. Aurten 45 umek jaso dituzte Lagun Onak MBk banatzen dituen dominak; Alaia Arregik, zegokion dominaz gain, mendiko makila bat ere jaso zuen opari, bera izan delako Lagun Onakekoek gaztetxoentzat prestatu dituzten ibilaldi guztietan -15 izan dira denboraldian zehar- parte hartu duen bakarra.

Alberto Iñurrategi jesulaguna izan zen eguneko beste protagonistetako bat. Hainbat urte daramatza Iñurrategik Xoxoteko Egunean meza emanez, eta hori eskertu nahi izan zioten atzo Lagun Onak MBkoek. Horrela, Albaro Arregi Gipuzkoako Mendi Federazioko lehendakariak euskal makila oparitu zion jesulagunari meza ondorengo ekitaldian.

Mendian hil diren azpeitiar mendizaleen omenezko ekitaldia ere burutu zuten eta, nola ez, goiz eta arratsalde erromeria giroaz gozatzeko parada izan zuten Xoxoteko aterpetxearen inguruan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu