Ideia enpresarial berrien I. Lehiaketa antolatu du Loiola Berrikuntzak

Uztarria.eus 2011ko mai. 27a, 19:05
Begoña Beobide, Loiola Berrikuntza Fundazioaren zuzendaria

Oinarri teknologikodun enpresa berrien sorrera sustatu nahi dute

Oinarriak www.loiolaberrikuntza.org webgunean jarri dituzte eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 22an itxiko da

Loiola Berrikuntza Fundazioak Ideia enpresarial berrien I. Lehiaketa jarri du abian. "Ekintzailetasunaren kulturaren inguruan sentsibilizatzeko" asmoarekin, bailarako enpresa-sarea aberastuko duten oinarri teknologikodun enpresa berrien sorrera sustatzea da lehiaketaren helburua.

Deusto eta Mondragon unibertsitateen babesa izango du fundazioak ekimen honetan. "Unibertsitateen botere berritzailea Urola Erdia bailaran enpresa berriak sortzeko erabiliko da, unibertsitateetan garatutako teknologiak eta ezagutza merkatura gerturatuz eta igaroz, eta gure bailarako lan eta aktibitate ekonomikoa dinamizatuz", azaldu du Loiola Berrikuntza Fundazioaren zuzendari Begoña Beobidek.

Lehenbiziko lehiaketa hau, enpresa ekimen berrien inguruko izaera zientifiko-teknologikoko ideiak aurkezten dituen edozein ekintzaileri o talde ekintzaileri zuzenduta dago eta bi iniziatiba berri sarituko dituzte, ondorengo sariekin:

  • Loiola Kabian hiru urteko kokapena, enpresa ideiaren garapena eta sustapena egiteko.
  • Ekintzaile/Txekintek programara sarrera, enpresaren bideragarritasun azterketa eta martxan jartzea burutzeko, 60.000 euro arteko laguntzarekin, Bic Gipuzkoa Berrilanen eskutik.
  • Finantzazioa lortzeko laguntza, finantzazio publikoa zein pribatua

Lehiaketaren oinarriak www.loiolaberrikuntza.org webgunean jarri dituzte eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 22an itxiko da.

Ikasleek enpresetan proiektuak egiteko aukera

Era berean, Loiola Berrikuntza Fundazioak ikasketa teknikoen azken urteak egiten ari diren bailarako ikasleen datuak jaso nahi ditu, ikasketen amaierako proiektuak eskualdeko enpresetan egitea ahalbidetzeko asmoz. Interesa duten ikasleek inskripzio-orria Loiola Berrikuntza Fundazioaren webgunetik har dezakete.