Bildu: "Konpromisoa erakutsi nahi dugu azpeitiarrek emandako konfiantzari erantzuteko"

Uztarria.eus 2011ko mai. 27a, 13:05
Bildu koalizioko zerrendakideak, atzo emandako prentsaurrekoan.

Azpeitiko Udalean "apaltasunez" hasiko direla lanean eta euren helburua ez dela gehiengo absolutua inposatzea esan du Etxeberriak

Azpeitiko Bilduk bat egin du larunbat honetan ospatuko den Elkartasun Egunarekin

Azpeitiko Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei Azpeitian koalizioari emandako konfiantzagatik, lehen indarra izan baitira udal hauteskundeetan, gehiengo osoa lortuta. Eneko Etxeberria alkategaiak adierazi duenez, "igandeko emaitzek ilusioz eta lanerako gogoz bete" dituzte "datozen urteetarako". Hala, Azpeitian aldaketa politiko eta soziala "bideratzeko prest" daudela esan du Etxeberriak, eta koalizioaren apustua "gizarte aurrerakoia, elkartasunean oinarritua eta burujabetzaren aldekoa" dela.

Azpeitiko udaletxean "apaltasunez" hasiko da lanean Bildu, Etxeberriaren arabera, eta gaineratu du euren helburua ez dela "gehiengo absolutua inposatzea". "Alderi politiko guztiok elkarlanean egin behar dugu aurrera garai berri honetan, guztion parte-hartzearekin". Hala, "azpeitiarrek erakutsitako konfiantzari konpromisoarekin erantzungo" diotela adierazi du Bilduk.

Udala garai berrietara "ireki nahi" dutela eta, modu horretan, herritarrei irekia izango den Udala nahi dutela esan du Etxeberriak. Hala, arlo desberdinetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta Bilduk horretarako tresnak jarriko dituela dio koalizioko alkategaiak. "Guztion artean eraiki behar dugu Azpeitia, inor ez dago sobran".

Euskal Herrian garai politiko berri bat martxan dela iritzi dio Etxeberriak, eta Bilduren aldeko apustua egin duten 315.000 botoak "bakea eta demokrazia ekartzeko hauspoa" direla. "Bizirik gauden herria gara, eta Euskal Herria nazioa den heinean hitza eta erabakia dagozkio, herriaren gehiengoak aldarrikatzen duen moduan, eta gu horretara goaz".

Bilduk "inolako eskubide urraketarik" ez duela onartzen esan du Eneko Etxeberriak. "Ilegalizazioak, atxiloketak eta inkomunikazioak ere badaude, eta presoen aurkako mendeku politika gogortzen ari dira". Beraz, Bilduk "presazkoa" deritzo Euskal Herrian guztien eskubideak errespetatzea, eta hainbat urrats "positibo" egin dira azken hilabeteotan. Hala, ETAren su-eten orokorraren erabakia "oso garrantzitsua" dela adierazi du Etxeberriak.

Azpeitiko Bilduk bat egin du bihar, zapatua, herrian ospatuko den Elkartasun Egunarekin . Horrenbestez, presoen eskubideak "errespetatu egin behar direla"-eta, zapatuko ekimenetan parte hartzera deitu ditu azpeitiarrak.