Iraurgi Ikastetxeko neskek ACBko lauko finala jokatuko dute

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 27a, 12:05

Espainiako Eskolarteko Saskibaloi Txapelketa jokoan izango dute azpeitiarren, bihar, zapatua, Malagan

Goizean ekingo diote lehiari eta, finalerdiak irabaziz gero, arratsaldean jokatuko dute finala

Iraurgi Ikastetxeko nesken saskibaloi taldeak ACBk antolatutako Espainiako Eskolarteko Txapelketako lauko finala jokatuko du bihar, Malagan (Espainia).

Lagun Aro Mailako eta Ipar Konferentziako txapelketak irabazita sailkatu da Azpeitiko taldea Espainiako Txapelketako azken fasea jokatzeko. Iraurgirekin batera, Manresako (Herrialde Katalanak) Escola Joviat, Valladolideko (Espainia) San Agustin eta Kanaria Handiko (Kanariar Uharteak) Canterbury ikastetxeek jokatuko dute lauko finala.

Iraurgiko taldea gaur goizean abiatuko da Malagarantz eta bihar goizean ekingo diote lehiari. Manresako taldearen aurka jokatuko dute aurrena, eta finalerdia irabaziz gero, arratsaldean jokatuko dute finala. "Ilusioa gainezka dute eta nahiz eta talderik gazteena izan, aurkariei gauzak oso zail jartzen ahaleginduko dira", adierazi dute Iraurgiko arduradunek.