Nepalgo umezurztegiei laguntzeko Futbol-7 txapelketarako izen-ematea irekita dago

Uztarria.eus | Kirolak
2011ko mai. 25a, 19:05

Ekainaren 3a izango da azken eguna; txapelketa ekainaren 11 eta 12an jokatuko dute, belar artifizialezko zelaian

Antolatzaileek dirua biltzeko beste zenbait ekimen ere prestatu dituzte, besteak beste Sanjuandegiko festetan jarriko duten tonbola

Nepalgo umezurztegien alde herrian bigarren urtez jarraian jokatuko den Futbol-7 txapelketarako izenak emateko epea zabalik dago oraindik. Ekainaren 3a izango da izenak emateko azken eguna. Azpeitian Zuhatz tabernan egin daiteke izen-ematea, Zarautzen Zarauzko Eguzki kafetegian ere bai, edota bi telefono zenbaki hauetakoren batera deituta: 677040736 eta 655707394.

Txapelketa ekainaren 11 eta 12an jokatuko dute, belar artifizialezko zelaian. 15 urtetik gorako lagunek har dezakete parte. Jokatu aurretik, ekainaren 7an, bilera egingo dute parte-hartzaile eta antolatzaileek Betharramen, txapelketaren gaineko zehaztapen guztiak egiteko.

Ekimen gehiago

Futbol-7ko txapelketaren helburua Nepalen dauden hainbat umezurztegitan Child Bright Fundazioak dituen proiektuak diruz laguntzea da. Fundazio horrekin elkarlanean ari diren azpeitiarrak dira antolatzeaz arduratzen direnak eta, kirol ekitaldiaren bidez ez ezik, beste era batzuetara ere zabaldu nahi dute euren ekimena, honen helburuarekin batera.

Horrela, ostiral honetan, maiatzak 27, plazan egingo den "bigarren eskuko azokan": ere postua jarriko dute. Eta, berrikuntza nagusi gisa, Sanjuandegiko festetan -ekaineko aurreneko astebukaeran- tonbola irekiko dute, ostiraletik igandera. Azpeitiko dendari eta tabernarien laguntzari esker jasotako produktuekin osatuko dute azkenean "uste baino handiagoa" izango den tonbola, eta Rochas eta Erreka tabernen artean dagoen lokal batean jarriko dute. Bai lokal horren jabearen, bai dendari eta tabernari guztien laguntza "asko eskertu" beharrean daudela aitortu du Mirari Astigarragak, antolatzaile taldeko kideak.

Nepalera bideratzeko dirua futbol txapelketan bertan saldu nahi dituzten elastikoekin osatu nahi dute. Eta, norbaitek ekimenetan zuzenean parte hartzerik ez baina diruz lagundu nahiko balu, bi kontu zenbaki ere jarri dituzte martxan, bata Baneston (0030 1036 83 0002483271) eta bestea Euskadiko Kutxan (3035 0020 52 0200070380).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu