Aurtengo 'Loraldi' lehiaketan parte hartzeko izena aurrez eman beharko da

Uztarria.eus 2011ko mai. 25a, 13:05

Aurten ere hiru sari banatuko dituzte eta bat berria izango da: baserriko atari ederrenaren saria

Izena, ekainaren 17a baino lehen eman beharko da

Aurten ere hutsik ez du egingo Azpeitiko Udaleko Ingurumen Sailak antolatutako Loraldi balkoi eta leiho lehiaketak. Aurtengo ekimenak berrikuntza bat izango du, ordea: parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Hori dela-eta, interesa dutenek, ekainaren 17a baino lehen eman beharko dute izena 943 15 17 13 telefonoan edo ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net helbidean. Lehiaketa horren bitartez, uda eta udaberri sasoian euren balkoi eta leihoak ondoen apaindu dituzten herritarrak sarituko dituzte.

Hala, hiru sari banatuko dituzte eta bat berria izango da: baserriko atari ederrenaren saria. Beste biak, berriz, aurreko urtean banatutakoen berdinak izango dira: balkoi edo leiho berritzaileenaren saria eta balkoi edo leiho tradizional eta ederrenaren saria.

Epaimahaiak ekainaren bukaeran erabakiko du irabazleak zein diren. Sariak, berriz, Santio Egunean, uztailaren 25ean, banatuko dituzte eta irabazleek nekazal etxe batean gau bat pasatzeko balea edo aurrekontu berdinarekin herriko lore denda batean erosketak egiteko balea jasoko du.

Duela bi urte aukeratu zituzten balkoi eta leihoen argazki bilduma ikusteko egin klik hemen