Bigarren eskuko azoka izango da ostiral arratsaldean

Uztarria.eus 2011ko mai. 25a, 13:05

Herritarrek erabilitako gauzak saldu eta erosi ahal izango dituzte, berrerabiltzearen kulturaz jabetzeko

Mugikortasun iraunkorrari lotutako parkea eta bidezko merkataritza postua ere jarriko dituzte plazan

Seigarren urtez, Azpeitiko Udalak bigarren eskuko azoka antolatu du ostiral arratsalderako eta 17:00etatik 20:30era egongo dira karpak plazan. Berrerabileraren kultura zabaltzeko asmoz antolatu dute ekimena: "behar ez dugun hainbat gauza besteren batek erabil dezake, eta guk behar dugun zerbait aukirtu dezakegu erabilitako gauzen artean".

Herritar orok du parte hartzeko aukera; norbanakoek, elkarteek, ikastetxeek, lagun taldeek... Udalak jarriko ditu karpak eta mahaiak. Erabilitako gauzak bertan jartzeko aukera egongo da: liburuak, mahai-jolasak, arropak, apaingarriak, kirol materiala, antigoaleko gauzak...

Postua jarri nahi dutenek lehenbailehen deitu beharko dute 943 67 02 49 telefonora, zerrenda ixten ari baitira dagoeneko.

Gordailuan

Salmenta postua erreserbatu nahi ez dutenek, gauza gutxi dituztelako edo ezin dutelako bertan egon, gordailu-salmentan utzi ditzakete saldu nahi dituzten gauzak. Salgaiak 16:00etatik 17:00etara bertan utziz gero, antolatzaileak saiatuko dira haiek saltzen. Azoka bukatutakoan, 10:30etatik 21:00etara, saldutakoari dagokion dirua eta saldu ez diren objetuak jaso beharko dituzte herritarrek.

Gordailu-salmentan arropa ez beste edozer onartuko dute, beti ere erabilitako gauzak baldin badira eta egoera onean baldin badaude.

Mugikortasun iraunkorra

Ostiralean, azoka martxan dagoen bitartean, Azpeitiko ikastetxeetako taldeekin eta inguratzen den edozein herritarrekin, mugikortasun iraunkorrari lotutako parkea ipiniko dute. Jolasak, Segway zirkuitoa eta ikusmen arazoak dituztenen mugikortasun arazoak ezagutzeko txokoak mugikortasun iraunkorrari buruz gehiago jakiteko aukera emango du.

Bidezko merkataritza

Urtero bezala, bigarren eskuko azokarekin batera, Bidezko merkataritzako postua jarriko dute plazan. Gizarte ikuspegia du salmenta mota horrek, eta ingurunea errespetatzen du. Postuan elikagaiak, eskulanak eta apaingarriak erosi ahal izango dira, besteak beste.