Aldarrikapena, kirola, jolasa, musika eta jaia, Elkartasun Egunean

Uztarria.eus 2011ko mai. 20a, 20:05
Elkartasun Egunarekin bat egin duen hainbat lagun, aurtengo edizioaren aurkezpenean (OLATZ PRAT)

Maiatzaren 28an, zapatua, izango da XI. edizioa

"Zoritxarrez Elkartasun Egunak beharrezkoa izaten jarraitzen du oraindik Azpeitian", diote antolatzaileek

Aldarrikapena, kirola, jolasa, musika eta jaia elkar lotuta egingo dute aurten ere herrian presoekiko Elkartasun Eguna. Maiatzaren 28an, zapatua, izango da XI. edizioa. "Hamaika urte luze igaro dira lehen aldiz gure herrian Elkartasun Eguna antolatu genuenetik. Egun seinalatua izatera iritsi da herrian, urtez urte egitaraua zabalduz eta parte-hartzea handituz joan delarik. Baina zoritxarrez Elkartasun Egunak beharrezkoa izaten jarraitzen du oraindik Azpeitian", diote antolatzaileek.

2011ko Elkartasun Egunaren aurkezpenean, "euskal preso politikoei ezarri zaizkien muturreko egoerak" gogora ekarri eta salatu zituzten beste behin: "Istripuak eragiten jarraitzen" duen sakabanaketa politika aipatu zuten; kondenak beteta izan arren presoak kartzelan mantentzen dituztela, praktikan "biziarteko espetxe zigorra" legeztatuz; edota, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzen dituztela. "Espetxeak ukazioaren zurrunbilo bilakatu dira euskal preso politikoentzat", esan zuten.

Frantziar eta espainiar expetxeetan "etxetik ehundaka kilometrora sakabanatuak" dauden Azpeitiko zazpi presoetara etorrita, bereziki Juan Carlos Arruti Paterra-ren egoera aipatu zuten: "Gogora ekarri nahi dugu betea duela ezarri zioten zigorra. Alabaina, Kordobako espetxean preso jarraitzen du, zigorra beste hamar urtez luzatu baitiote".

"Euskal Herrian aro politiko berri bat" ireki dela eta, abian jarritako prozesuak "utzi beharreko ondorioetako bat euskal preso politikoen etxeratzea" izango dela uste dute Elkartasun Egunaren antolatzaileek. Hori "gun batetik bestera" ez dela emango konsziente izanda, "jakitun gara", diote, helburu hori lortzeko "beharrezkoa izango dela herritarren presioa eta mobilizazioa.

Hasteko, maiatzaren 28ko Elkartasun Egunerako deia luzatua dute.

Egitaraua

"Aurten ere belaunaldi eta herritar guztiei egokituriko egitaraua prestatzen saiatu" direla nabarmendu zuten Elkartasun Egunaren aurkezpenean, eta "azpeitiar guztiok ateak zabalik" izango dituztela.

Aurreko urteekiko bi aldaketa aipagarri badaude egitarauan: herri kirolak eguerditik arratsaldera pasatu dituzte, eta arratsaldean ateratzen zuten zezena kendu egin dute egitarautik.

Hau da hilaren 28rako prestatu dituzten ekitaldi eta hitzorduen zerrenda:

  • 11:00: Ttuntturroak.
  • 12:00: Elkartasun Krosa
  • 13:00ak aldera, krosaren sari banaketa bukatuta, trikitilariekin girotutako bertso-poteoa hasiko da.
  • 14:30: Herri bazkaria, Berdura plazan. 600 laguntzetako tokia egongo da. Txartelak Jim Clarken eta Orkatzen daude salgai, 15 eurotan langileentzat eta 12 eurotan ikasle eta langabetuentzat.
  • 16:00: Umeen gunea irekiko dute Olazko Amaren plazan, puzgarriekin eta pailazoekin.
  • 17:00: Herri kirol erronka, herriko plazan.
  • 18:30: Manifestazioa, plazatik abiatuta.
  • 22:30: Kontzertua, Egurra ta Kitto eta Arkada Social taldeekin, plazan.

Egunean zehar gainera, presoen materialen erakusketa, material salmenta, txosna, elektrotxaranga... egongo dira.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. OcaƱa I-ean (Espainia) dago preso, 374 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org