CSN Brasilgo enpresak eta Gallardo taldeak itxi dute jada Corrugadosen salerosketa

Uztarria.eus 2011ko mai. 20a, 16:05

Azpeitiko bi plantekin batera, Alemaniako enpresa bat eta Extremadurako zementu fabrika erosi dizkio CSN enpresak Alfonso Gallardo taldeari

Joan den astean Azpeitian izan ziren CSNko ordezkariak

Atzo (osteguna) itxi zuten Companhia Siderurgica Nacional Brasilgo enpresak eta Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao enpresen salerosketa. Azpeitiko bi planta horiekin batera, CSNk Alemaniako Thüringen enpresa eta Espainiako Balboa zementu fabrikak erosi dizkio Gallardo taldeari eta lau instalakuntzengatik 970 milioi euro ordaindu ditu Brasilgo enpresak.

CSN Brasilgo siderurgia talderik handiena da, eta Hego Amerikako handienetakoa. Brasildik kanpo beste bi lantegi zituen orain arte, AEBetan bata eta Portugalen bestea. Joan den asteburuan Azpeitian izan ziren CSNko ordezkariak eta Julian Eizmendi alkatearekin bildu ziren. Corrugadoseko enpresa batzordeak hamar puntuko komunikatua plazaratu zuen "informazio falta eta alkatearen oportunismo maila" salatuz.

Corrugadoseko langileak martxotik daude LET Lan Erregulazio Txosten baten pean eta, zuzendaritzako zenbaiti izan ezik, beste guztiei eragiten diete neurriek. Dena den, LETeko 100 egun arte luza dezakete egoera.

CSNrekin, bost dira dagoeneko Azpeitiko bi planta hauek izan dituzten jabeak: Ucin taldea (sortzailea), Aceralia, Arcelor, Gallardo eta CSN.