Mendi Astea dela-eta, proiekzioak eta irteerak izango dira Xoxoteko Egunera arte

Uztarria.eus 2011ko mai. 20a, 12:05

Lagun Onak-ek mendia hizpide duten lau ikus-entzunezko emango ditu elkarteko aretoan

Xoxoteko Egunera joateko autobusak egongo dira Aittolatik Xoxoteraino, eta izena hilaren 26a baino lehen eman behar da

Lagun Onak Mendi Bazkunak hamaika ekitaldi antolatu du 2011ko Mendi Astea ospatzeko. Txalintxon umeekin egingo dute egunpasa, eta horrekin abiatuko da egitaraua, igande honetan. Urteroko usadioari jarraituz, proiekzioez lagundutako hitzaldiak izango dira elkartearen egoitzan, maiatzaren 24tik 27ra, egunero, 21:00etan hasita.

Xoxoteko Egunak borobilduko du Azpeitiko mendizale aste berezia. 09:00etan herriko plazatik abiatuko dira parte-hartzaileak. Autobusak egongo dira Aittolarik Xoxoterainoko ibilaldia bakarrik egin nahi duenarentzat. Horretarako, hilaren 26a baino lehen eman behar da izena, mendizaleetako tabernan.

EGITARAUA

- Maiatzak 22, igandea. 09:00etatik, Txalintxora egun guztiko ibilaldia umeekin.

- Maiatzak 24, asteartea. Dolomitak, M.A. Alda eta I. Diaz Garaio.

- Maiatzak 25, asteazkena. Hegoaldera bizikletaz, Alaskatik Ushuaiara, Joanes Gibelaide.

- Maiatzak 26, osteguna. Pirinioetako korridoreak, Ibon, Andola eta Erromu.

- Maiatzak 27, ostirala. Mont Blanc-i itzulia, Ainhoa Izagirre eta Joxe Mari Aranbarri.

- Maiatzak 28, zapatua. Azken urtean umeekin egindako irteeren argazki emanaldia, Lagun Onak M.B.-ren aretoan, 16:30ean.

Maiatzak 29, igandea. Xoxoteko Eguna.