Behartuta ikasi eta pasioz bizi

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 19a, 21:05
Iñaki Agirrezabala Matxinbentako etxeko sukalde ondokoan egoten da saskiak egiten,amarekin hizketan jarduten duen bitartean. (OLATZ PRAT)

Iñaki Agirrezabala matxinbentarrak txikitan zigor bidez ikasi zuen otarrak egiten. Duela ia 30 urtetik ogibide du saskigintza

Etxekoak lagun, maitasun osoz egiten du lan, otarrak pazientziaz, gustuarekin eta ongi eginez

Cascanteko (Nafarroa) artisau azokatik bueltan, zeregin asko dago etxean. Borborka diren babarrunei buelta eman, ama orraztu, eta hari lanak jarri, telefonoa erantzun eta, batez ere, otarrak egiten jarraitu. Iñaki Agirrezabala (Matxinbenta, 1956) Matxinbentan dauden hiruzpalau otargileetako bat da; tabernako anaiek ere saskigintza dute ogibide. Agirrezabalak 20tik gora ezagutu bazituen ere, horiek dira ofizioari eusten diotenak. Nuarben ere gelditzen da bat.

Iñakiren aitonaren aita hasi zen otarrak egiten. Matxinbenta sarreran, Biona etxea eraiki zuen 1904an, eta familia osoarentzako lantegia ipini zuen han. Putzua, labea, tailerra eta biltegia. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi igaro da otarrak egitearen artea. Deigarria da, gainera, batzuk, Iñakik kasu, nola ikasi duten otarregintzan: "Zortzi urte nituela otarreak egiten jartzen ninduten, zigor moduan".

Saskiak egiten "serio" 27 urterekin hasi zen, ordea. Ikasketak eginda, metalean lan egiten zuen orduan, baina 1983ko krisiaren ondorioz, beste zerbaiti eutsi behar izan zion. Erremontean ere aritu zen urte batzuz, Matxin I.a bezala, baina kontratua berritu ez ziotenez, kalean gelditu zen. "Urtebeteko haurra nuen, eta txikitan gustatzen ez zitzaidan arren, otarreak egiten hasi nintzen.

Hasiera gogorra izan zen. Otarre diseinu asko bururatu zitzaizkion Agirrezabalari, eta merkatuan tokitxo bat egiten hasi beharra zegoen. Tolosa eta Donostia aldera jo zuen lehenbizi, dendatan otarreak utzi eta pixkanaka ezagutzera emateko. "Hamabost egun pasatakoan galdetzera joaten nintzen, eta pare bat eredu utzita, beste denak hartuta itzultzen nintzen etxera. Gogorra zen, baina normala; ez ninduten ezagutzen. Gero gauzak hobeto joaten hasi ziren", gogoratu du.

Lehengaia, puntuan

Zuhaitzetik egurra hartu eta saskiak egiterainoko prozesua luzea eta delikatua da. Otarreak gaztainondo mota baten egurrarekin egiten dira, fruiturik ematen ez duen espezie batekin. Sei eta zazpi urte ingurukoa izan behar du zuhaitzak. "Momentua harrapatu behar diozu, goxoa eta biguna dagoenean, zahartzen den heinean gogortu egiten delako". Aitonak eman zion hasiera tradizioari, baina haren aitak landatu zituen sailak. Eta haietatik jasotzen du Agirrezabalak egun ere egurra. "Ebakitako enborrak hiru edo lau puja ematen ditu. Horietatik sendoenak eta egokienak utzi, eta gainontzekoak moztu egin behar dira. Bestela ugaritu egingo lirateke, eta ez litzateke denentzako janik izango", azaltzen du Agirrezabalak.

Urtarrila eta martxoa bitartean bota behar dira zuhaitzak. "Orduan egiten zaio min txikiena. Martxoaren bukaera aldera natura mugitzen hasten da, eta harengandik urrundu behar da, naturak bere martxan jarrai dezan". Garai horretan, beraz, urte guztirako beharko duen adina egur mozten du; normalean, 6.000-7.000 kilo. Baina, moztu ere kontuz egin behar da: "Ahal izanez gero, kolperik eman gabe bota behar da, azala osorik gelditu dadin. Oso garrantzitsua da. Izan ere, kolperen bat jasotzen badu marka horretatik ura sartzen da, eta hondatu egin daiteke egurra". Bizkarrean edo eskutik eskura pasatuz eramaten dituzte egurrak, kateko lanean.

Putzuan jartzen dituzte ondoren enborrak, harriz zapalduta. Bizpahiru hilabetez edukitzen dituzte hala. Uretatik atera, eta aste batzuen ostean ur guztia kendu behar zaie labean; hezetasun puntu bat gordez, beti ere, baina lizundu gabe.

Behin enborrak lehortuta, txukundu egiten dute, eta zumitzak ateratzen hasten dira. Azalak banatu egiten dituzte erremateak egiteko. Ondoren, zumitzak lixatu egiten dituzte makina batean. "Seme-alabek laguntzen didate batzuetan; nik alde batetik zumitza sartu eta haiek atera. Lagunarekin, lan guztiak bezala, errazagoa da hau ere". Lixatutakoan, prest dira zumitzak otarreak egiten hasteko.

Urteekin, trebetasuna

Duela ia 30 urte ateratako eredu haien neurriak ondo ikasiak ditu Agirrezabalak. Asko pentsatu beharrik izan gabe osatu du, konturatzerako, otarrearen azpialdea. Zumitz zabalak erdira eta finak ertzetara, neurrikoak eta luzexeagoak txandakatzen ditu, gero erremateak egiteko. Oinarria eginda duenean, egurrezko moldearen inguruan altxatzen ditu otarrearen paretak. Lanaren amaieran, emazteak, Lourdes Etxanizek, egiten die errematea.

Ereduak agortu ahala egiten ditu. Baina lehentasunak ipini behar izaten dira: "Orain, esaterako, Debagoienako nekazarientzako otarreak egiten ari naiz, azokatan barazkiak txukunago aurkezteko eskatu dizkidate. Horiek ditut lehentasun", dio Agirrezabalak. "Iritsi ezinda" ibiltzen direla aitortzen du.

Denboraldika aldatu egiten da lan bolumena. Horregatik, "ezin da hilero jornal bera atera". Orain, maiatza inguruan, dantzarako arkuak eta kultura gaiekin lotutako lanak egiten dituzte, ekaina eta uztailean perretxikotarako otarreak, iraila eta urrian sagar denboraldia izaten da, eta eguberritan oparitarako otarrekin izaten dute lana.

Erakusketaz erakusketa ibiltzen dira, urteko asteburu askotan. Haurrekin zotz-ontzien tailerrak egiten dituzte herriz herri, otarregintza zuzen-zuzenean ezagutu dezaten. Azpeitian duten dendan, egindako otarrez gain, zumitzezko mota guztitako altzariak, bionboak, lanparak eta abar saltzen dituzte.

Ofizioaren oinordetza

Lana falta ez zaien arren, eskaera jaitsita dagoela nabari du. Plastikozko ontziak erabiltzen dituzte orain, lehen egurrezkoak ibiltzen ziren tokian. "Baina baikorra izan naiz beti, eta hemendik ere aterako gara", dio otargileak.

Oinordekoek ofizioari jarraituko dioten galdetuta, ez dirudi oso konbentzitua: "Semeari erakutsia diot otarreak egiten, baina lana badauka, eta erremontean ere badabil; horiek huts egiten ez badiote, behintzat, ez dut uste lanbide honi helduko dionik".

Halabeharrez baino, lana gogoz egitea askoz hobe dela uste du, dena den, matxinbentarrak. "Otarre txukunak egiteko, egur ona edukitzea oinarrizkoa da. Baina garrantzitsuena gustura jardutea da", dio Agirrezabalak. Horregatik, "gustura ez zauden egunean hobe duzu uztea, eta hurrengo egunean gogoz hartzea". Gaizki eginda ere emaitza bera izango lukeela esaten dio askok, eta hala merkeago eta gehiago salduko lukeela. "Baina nik ez dakit gaizki egiten. Hortarako hobe ez egitea".

Txikitan zigorrarekin lotzen zuen otarregintza, baina artisau lanaren bidea egiten joan den heinean, "barruraino sartu" zaio lanbidea. Gustuko tokian, aldapa gutxiago izan ohi da.