Bittor Alkiza: "Agian, futbolari garrantzia handiegia ematen zaio"

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 19a, 19:05

Iraurgi Cup-en inguruan antolatu duten mahai-inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Sanagustinen

Oinarrizko futbolaren gainekoa izango da eztabaida

Iraurgi Cup txapelketaren harira, oinarrizko futbolari buruzko mahai-ingurua egingo dute gaur, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Txetxu Urbieta esatariak gidatuta, futboleko aurpegi ezagunek hartuko dute parte: Jabo Iruretak, Xabier Azkargortak, Jose Mari Eizagirrek eta Bittor Alkizak, hain zuzen ere. Alkiza Realeko oinarrizko futbolaren zuzendaria da, eta Urola Kostako Hitza-rekin aritu da solasean.

OInarrizko futbola izango duzue hizpide mahai-inguruan. Harrobia al da etorkizuna?

Realaren kasuan, ez nuke esango etorkizuna bakarrik denik. Orainaldia, behintzat, hala da. Nahiz eta jokalari batzuk kanpotik ekartzen diren, guretzako eta gure bidea harrobiko jendea lehenengo taldera bideratzea da.

Realeko oinarrizko futbolaren arduradun zaren aldetik, nola ikusten duzu egungo gaztetxoen maila eta haiekin egiten den lana Gipuzkoan?

Gipuzkoan maila onean lan egiten duen futbol elkarte ugari dago, eta jokalari gazteek gero eta maila handiagoa dutela esango nuke. Agian, oraingo haurrek ez dute kalean horrenbeste jokatzen, baina lehen baino azkarrago hasten dira entrenatzen. Ondorioz, gero eta prestatuago daude.

Nolabait esateko, beheko kategorietatik hasten direlako trebatzen?

Horretan saiatzen gara. Egia da askotan txikiegiak direla zenbait entrenamendu egiteko, baina munduak eta gizarteak oraintxe bertan horrela funtzionatzen du. Agian, arlo honetan garrantzia handiegia ematen zaio futbolari, eta lasaitasun pixka bat beharko luke, nahiz eta zaila izan. Futbolak nola eta zenbat mugitzen duen ikusita, askotan txikitatik bideratzen dituzte kirol honetara, eta profesional bidea har dezaten nahi dute lehenbailehen.

Ludikotasuna sustatu beharko litzatekeela uste al duzu?

Nire ustez, bai. Futbolean ez ezik, gizarte honetako arlo guztietan epe luzera begiratzen da, eta, askotan, une bakoitzean eman beharreko pausoak ez dira ematen, poliki-poliki, eman behar diren bezala. Etaparik erre gabe, alegia.

Mahai-ingurua Iraurgi Cup txapelketaren harira dator. Horrelako kirol egitasmo batek zer-nolako onurak dakarzkie jokalari gazteei?

Oso garrantzitsua da. Azken finean, maila handiko txapelketa izango da, eta haurrei iluso handia egiten die bertan jokatzeak. Talde inportanteen aurka indarrak neurtzen dira, eta bertan ikusten da bakoitzak zer-nolako maila duen, baita beste taldeek nola jokatzen duten ere. Sekulako giroa sortzen da, gainera.