Joxe Arregi: "Egiaren eta ongiaren jabe dela dioenak bultzatzen du gehien erlatibismoa"

Berria 2011ko mai. 19a, 13:05

Eliza katolikoaren hierarkiarekin izaniko desadostasunengatik fraidetza utzi zuen, baina ez dio uko egin pentsatzeari

Zientzia eta mistika aztertuko dituzten jardunaldi batzuk antolatu ditu Donostian

Joxe Arregi frantziskotar ohiak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952) Zientzia eta mistika, batera ala bereiz? jardunaldiak antolatu ditu, GUNE taldearekin. Gaur eta bihar egingo dituzte, Miramar jauregian, Donostian. Gaurko saioan, 17:00etatik aurrera, Pedro Migel Etxenike zientzialaria eta David Jou Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea mintzatuko dira.

Zergatik antolatu zientziaren eta mistikaren inguruko eztabaida?

Askotan uste dugulako bi mundu paralelo eta kontrajarriak direla, eta ez dira, ez dute izan behar. Zientziak, mundua nolakoa den ikertu ahala, miresmena eragiten digu, eta mistika horixe da, miresmen eta begiramendu kontua, baina zientziari oso adi egon behar du mistikak, edozein lelokeriatan ez erortzeko.

Zein irizpideri jarraitu diezue hizlariak aukeratzeko?

Jakintsuak ez ezik, jakinduriadunak ere ekarri nahi genituen, eta askotariko ikuspegiak: zientzia, mistika, filosofia, erlijioa. Eugenio Trias filosofo ospetsua ere etortzekoa zen osteguneko ekitaldirako, baina azkenean ezin izan du. Ostiralean, lau ildo espiritualetako ikuspegiak izango ditu- gu.

Vatikanoan badaude eboluzioaren teoriaren aurkakoak eta diseinu adimentsua delakoaren aldekoak.

Gaur ezin du inork ukatu biziaren eboluzioa, eboluzio guztiz miresgarria, izan dela milaka milioi urtetan zehar eta tximuen ahaide hurbil garela gizakiok eta duela 3.800 milioi urte sortutako lehen bizi forma guztiz soilaren ondorengoak garela gaur Lur planetan bizi garen bizidun guztiok. Hori frogatua dago, baina askori kosta egiten zaie onartzea, Bibliako kreazioko kontakizuna gezurtatu egiten duelakoan. Horregatik asmatu zuten AEBetako zenbait talde erlijioso kontserbadorek diseinu adimentsuaren teoria, eta Vatikanoko zenbaitek gustura onartu: eboluzioa bada, baina Jainko adimentsu batek aurrez erabakia duen bezalaxe gertatzen da dena. Egia da munduan zoragarrizko diseinuak ageri direla, baina baita kaosa eta halabeharra edo zoria ere. Eta sufrimendu gehiegi. Hori esplikatzeko Jainkoaz baliatzea ez zait zilegi iruditzen, Jainkoa bera esplikatu beharko bailitzateke aurrena. Ez dago dena aurrez diseinatua. Izadiaren barnean bertan, gozatuz eta sufrituz, mundua etengabe berritzen eta asmatzen ari den Energia, Misterio, Edertasun eta Maitasun harrigarriari deitzen diot nik Jainko.

Benedikto XVI.a "erlatibismoaren" aurka mintzatu da. Askok zientziaren balioen aurkako erasotzat hartu dute. Ados al zaude?

Ez dut maite erlatibismoaren aurkako diskurtso hori. Egiaren eta ongiaren jabe dela dioena, huraxe ari da erlatibismoa gehien bultzatzen, haren egia eta ongi bakarra ez baita sinesgarria, ez onargarria, eta egia eta ongi bakarra ukatzeak ezerezean eta hutsean utziko baikintuzke. Baina ez. Denok ari gara bila, denok dugu egiaren eta ongiaren ikuspegi eta ataltxo bat, denok dugu zer hartu eta zer eskaini. Egia eta ongi bakarraren ustea da etikaren eta gizatasunaren etsai nagusia. Elkarren errespetu apala da etikaren eta gizatasunaren bermerik onena.

Zuk arazoak izan dituzu hierarkiarekin argitaratu dituzunengatik. Zein ondorio ateratzen duzu hortik?

Ondorio sinplea da: bidean eta elkarrekin jarraitu behar dugu, apaltasunez. Zientzialariak ezin du pentsatu berak bakarrik ezagutzen duela osoki errealitatea eta ez dela beste errealitate- rik. Fededunak ezin du pentsa- tu jaun goiko batek errebelatu-riko egiaren jabe dela; oso adi egon behar du zientziak erakusten duenari, antzinako sineskizun zaharkituei itsatsita ez geratzeko. Elkarrizketaren eta etengabeko bilaketa partekatuaren gune zabala izan behar luke Elizak.