Joxe Felix Zubizarreta: "Kontuz ibili beharko dut, nafarrak oso gogorrak baitira"

Sasoian.info 2011ko mai. 18a, 19:05
Joxe Felix Zubizarreta, enbor artean aizkorarekin (ARITZ MUTIOZABAL)

Igande honetan, maiatzak 22, erronka berri bat jokatuko du Azpeitiko zezen-plazan, 12:30etik aurrera

Iban Resano sakandarra izango du aurrez aurre 60 ontzako hamar enborreko lanean

Hauteskundeek zorte ona emango diote, akaso. Duela bi urte jokatu zuen bere lehen aizkora apustua Zarautzen bizi den Joxe Felix Zubizarretak (Azpeitia, 1972), Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean, eta, orduan, irabazi egin zuen, Alex Txikon mendizalearen aurka. Igande honetan, udal hauteskundeekin bat eginik, erronka berri bat jokatuko du Azpeitiko zezen-plazan, 12:30etik aurrera. Kasu honetan, Iban Resano sakandarra izango du aurrez aurre 60 ontzako hamar enborreko lanean.

Nola sortu zitzaizun bigarren apusturako grina?

Entrenamenduetan ongi aritu gara azkenaldian. Negu partean, ordea, ez dugu txapelketarik eta erakustaldirik izaten. Egurra moztu eta moztu, gastua besterik ez dugu egiten. Beraz, zerbait jokatzeko gogoa nuen, eta desafio txiki bat botatzea erabaki nuen, Euskadi Irratiko Hiru erregeen mahaia irratsaioan. Raul Castroren eta Xabier Zalduaren arteko apustua ikusten ari nintzela, berotu egin nintzen eta irratitik bota nuen, Euskadiko hirugarren mailako aizkolariei zuzenduta. Gero, Iban Resano sakandarra agertu zen. Handik astebetera hitzordua jarri nuen Azpeitiko Mendizabal erretegian, eta hantxe agertu zen bera.

Zaila izan al zen apustuan egin beharreko lana adostea?

Nik argi eta garbi adierazi nuen 60 ontzako hamar edo hamabi egurreko lana egin nahi nuela. Entrenamenduetan lan luzerako ongi moldatzen nintzela konturatu nintzen, eta erresistentziko lana egin nahi nuen. Resanok, aizkorako saioaz gain, lau kilometroko korrikaldia gehitu nahi izan zuen. Lasterka aritzeko mutil handiegia nintzela erantzun nion; hau da, ez nuela baldintza hori onartuko. Azkenean, 60 ontzako hamar enborrekin zehaztu genuen apustua. Egurrak erdibana jarriko ditugu, bakoitzak hamarna.

Duela bi urteko apustua kanaerdikotara jokatu zenuen. 60 ontzakoa, aldiz, enbor handiagoa da. Alde horretatik, sufrituagoa izango al da oraingo saioa?

Bai, nik neuk ere sufrituagoa izango dela uste dut. Kanaerdikoak metro eta 25 zentimetroko diametroa izaten du; 60 ontzakoak, berriz, metro eta 40 zentimetrokoa. Enbor handiagoa izateaz gain, oso zorrotza da. Miguel Mindegia bezalako aizkolari beteranoek ere horixe bera diote, 60 ontzakoa traidorea dela. Eta arrazoia dute, mozterakoan sekulako lana baitu. Kanaerdikoaren tankerakoa dela dirudi, baina ahalegin handia eskatzen du. Erresistentzia handia eta kolpe sendoa, alegia.

Aurkaria ezagutzen al duzu? Erronkari begira, nola ikusten duzu?

Txapelketetatik ezagutzen dugu elkar, hirugarren mailan lehiatzen baikara biok. Igandekoa Resanoren lehen apustua izango da, eta hori aurka izan dezake. Ni oso urduri ibili nintzen nire lehen apustua jokatu nuenean, eta, alde horretatik, orain abantaila pixka bat dudala esango nuke. Eskarmentua baliagarria da halako kasuetan. Izan ere, lehenengo aldiak errespetu handia sortzen du. Hala ere, kontuz ibili beharko dut, nafarrak oso gogorrak baitira.

Dirua jokoan badago, ez dago konfiatzerik, ezta?

Ez, ez dago inoiz konfiatzerik. Dirua tartean dago -3.000 euro alde bakoitzak–, eta lan handia aurrean. Beraz, kontuz! Hiru hilabete eduki ditugu behar bezala prestatzeko, eta ikusiko dugu nola etortzen den bera ere. Tratua egin genuenean urruti ikusten nuen eguna, baina berehalakoan etorri da, nahiz eta entrenamendu prozesua luze egin zaidan. Inoiz ez nintzen horrenbeste denboraz prestatzen aritu.

Zer moduz sentitzen zara?

Azken hilabetea luzea egin zait. Behin puntua harrapatzen duzunean, lehenbailehen jokatu nahi izaten duzu. Egia esan, momentu onenean nago orain. Fisikoki ere duela bi urte baino hobeto, hain zuzen ere. Ea zorte pixka batekin irabazteko gai naizen!

Ikusmina, behintzat, sortu duzue.

Apustu kontuek beti sortzen dute ikusmina. Txapelketek baino gehiago, gainera. Txapelketetan lau enbor moztera joaten zara, 8-10 minutuko lana egitera, eta ez dut uste aizkolari batek eman dezakeen guztia hor ikusten denik. Apustuek bestelako xarma bat dute. Prestaketa ezberdina da, eta zorrotzagoa dela esango nuke.