Izarraitzekoek sei domina lortu dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2011ko mai. 17a, 11:05

Ordizian jokatu dute Gipuzkoako Eskolarteko Igeriketa Txapelketa

Hiru urrezko, bi zilarrezko eta brontzeko domina bat eskuratu dituzte azpeitiar igerilariek

Ordiziako Gipuzkoako Eskolarteko Igeri Txapelketan hainbat domina lortu zituzten joan den asteburuan Izarraitz Igeri Elkartekoek.

Zapatuan 2000ko neska-mutilek eta 1999ko mutilek hartu zuten parte txapelketan. Maialen Aizpuruk bosgarren postua eskuratu zuen, Jakes Arteagak zazpigarrena, Eva Astigarragak hamargarren egin zuen, Gorka Garatek eta Imanol Odriozolak 23. eta Eritz Garatek, berriz, 29. postuan bukatu zuen proba.

Igandean, aldiz, 1999ko nesken eta 1998ko mutilen txanda izan zen. Lau igerilarik hartu zuten parte txapelketan. Jon Aizpuruk bi urrezko domina lortu zituen; 100 metro eta 200 metro bularrean. Oihana Goenagak urrezko domina lortu zuen 100 metro bizkarrean eta zilarrezkoa 200 metro librean. Markel Aranburuk zilarrezko domina eskuratu zuen 100 metro tximeletan eta bosgarrena 100 metro bizkarrean. Miren Caballerok brontzezko domina irabazi zuen 200 metro bularrean eta 100 metro tximeletan laugarren sailkatu zen.