Hektor Llanos eta Leire Atxutegi nagusi Sanjuandegiko V. Mendi Lasterketan

Uztarria.eus 2011ko mai. 16a, 21:05
Kirolariak, antolatzaileak eta babesleak, lasterketaren podioan.

Enekoitz Aizpuru (4.) eta Vanessa Cerrajero (5.) izan ziren aurreneko azpeitiarrak

Bide-Onakoek antolaketan lekukoa pasatzea espero dute: "Gu laguntzeko prest, baina bakarrik ezin dugu"

Hektor Llanos gasteiztarra eta Leire Atxutegi zumaiarra izan ziren atzo, igandea, Sanjuandegiko V. Mendi Lasterketan azkarrenak. Enekoitz Aizpuru (4.) eta Vanessa Cerrajero (5.) izan ziren aurreneko azpeitiarrak.

Hasieran izena emandakoetatik batzuek parte hartu ez zuten arren, iaz baino gehiago izan ziren 15 kilometroko proba egin zutenak. 60tik gora lagunek zeharkatu zuten helmuga. Parte-hartzaileen kopuruarekin ez ezik -emakumeenarekin bereziki gustura, hamaika atera baitziren-, lasterketaren "kirol maila handiarekin" ere pozik agertu dira antolatzaileak. Eguraldia ere lagun izan zutela eta "jendea gustura" gelditu zela gaineratuta, "balorazio positiboa" egin dute Bide-Onan, elkarteko kide Jexux Arakistainen hitzetan.

Igandeko probaren aurretik iragarri bezala, 2011koa izan da Bide-Onak antolatu duen Sanjuandegiko azken mendi lasterketa. "Orain arteko laguntzaile eta babesleei eskerrak eman" nahi dizkiete Bide-Onakoek, baina antolaketa beraiek bakarrik ezin dutela eraman argi dute. Sanjuandegiko lasterketa galtzea "pena" litzatekeela dio Arakistainek, "baina jende gehiago inbolukratzea ezinbestekoa" dela ikusten du. Bide-Onakoek antolaketan lekukoa pasatzea espero dute: "Gu laguntzeko prest, baina bakarrik ezin dugu".

Sailkapena

Gizonezkoak (aurreneko hamarrak):

  1. Hektor Llanos (0:56:57)
  2. Zuhaitz Ezpeleta (0:57:22)
  3. Joseba Plaza (0:57:37)
  4. Enekoitz Aizpuru (Azpeitia, 0:58:30)
  5. Cipriano Burcio (1:01:36)
  6. Iosu Arregi (Azpeitia, 1:03:11)
  7. Garikoitz Uzkudun (Azpeitia, 1:03:26)
  8. Eneko Goenaga (Azpeitia, 1:03:28)
  9. Joseba Amilibia (1:03:33)
  10. Jexux Zelaia (Azpeitia, 1:03:39)

Emakumezkoak:

  1. Leire Atxutegi (1:16:17)
  2. Miren Casado (1:17:27)
  3. Arritxu Urbieta (1:18:17)
  4. Maider Bracamonte (1:19:25)
  5. Vanessa Cerrajero (Azpeitia, 1:34:29)
  6. Ana Alkorta (Azpeitia, 1:41:42)
  7. Mari Hermina (Azpeitia, 1:41:43)
  8. Josune Unanue (Azpeitia, 1:43:18)