"Alkatearen oportunismo maila" salatu du Corrugadoseko enpresa batzordeak

Uztarria.eus 2011ko mai. 13a, 19:05

Gaizki iruditu zaie "langileen ordezkariekin bildu aurretik salmentaren aurre akordioa positiboki baloratu izana"

Enpresaren zuzendaritzaren jarrera ere gaitzetsi dute, "salmentaren aurre akordioa sinatuta dagoen berria Udaleko ordezkari nagusiak prentsan emandako albistearen bitartez jakin dugulako"

Corrugados Azpeitia eta Lasaoko enpresa batzordeak hamar puntuko komunikatua plazaratu du gaur, enpresen salmentaren inguruan Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta enpresaren zuzendaritzak azaldu dituzten jarrerak salatzeko.

"Alkatearen oportunismo maila" salatu dute enpresa batzordekoek, Eizmendik Alfonso Gallardo Taldearen Azpeitiko bi lantegiak CSN talde brasildarraren esku geratu bezperetan eginiko adierazpenengatik. Gaizki iruditu zaie "langileen ordezkariekin bildu aurretik salmentaren aurre akordioa positiboki baloratu izana". Enpresaren zuzendaritzaren jarrera ere gaitzetsi dute, "salmentaren aurre akordioa sinatuta dagoen berria Udaleko ordezkari nagusiak prentsan emandako albistearen bitartez jakin dugulako".

Corrugadoseko enpresa batzordearen komunikatua

Hona, osorik, Corrugados Azpeitia eta Lasaoko enpresa batzordearen komunikatua:

  1. "Lehenik eta behin gaitzesten duguna da, alkateak aldez aurretik langileen ordezkariekin bildu aurretik salmentaren aurre akordioa positiboki baloratu izana.
  2. Salmentaren inguruko orain arteko ibilbideari dagokionez argi eta garbi utzi nahi dugu zuzendaritzari hainbat bilera eskaera egin ostean, hutsaren hurrengo erantzuna besterik ez dugula izan. Alegia, salmenta negoziatzen ari zirela (Alfonso Gallardo Enpresa Taldea) eta erosleek boltsan kotizatzen dutenez salmenta gauzatzerakoan prentsa bitartez jakingo genuela.
  3. Erantzun eskas honen aurrean enpresa batzordetik salmentaren zurrumurrua hasi zenetik salmentak langileekiko izan ditzakeen ondorioen inguruan kezka handia azaldu dugu.
  4. Salmentaren zurrumurruaren inguruan inongo informaziorik izan ez dugun bezala, dakiguna da denbora tarte honetan enpresak urteko lanaldia igo duela (32 ordu gehiago), soldatak izoztu dituela eta kaleratzeak gauzatu dituela.
  5. Urrutirago joan gabe, azken kaleratzea dela eta zuzendaritzarekin bilera bat egin genuen maiatzaren 6an. Zuzendaritzari argi esan genion kaleratze hau zein aurrekoak enpresaren salmentarekin lotzen ditugula; baina, beraien erantzuna salmentaren inguruan informaziorik ez zutela izan zen.
  6. Egoera hau salatzeko maiatzaren 11n elkarteratze bat ospatu genuen, hain zuzen ere alkateak salmentaren inguruko balorazioa egindako bezperan.
  7. Beraz, argi eta garbi salatu nahi dugu zuzendaritzak izan duen jarrera, ez digulako inongo informaziorik eman eta, are gehiago, salmentaren aurre akordioa sinatuta dagoen berria Udaleko ordezkari nagusiak prentsan emandako albistearen bitartez jakin dugulako.
  8. Beraz, zuzendaritzaren jarrera erabat salatzearekin batera, alkatearen oportunismo maila ere salatzen dugu. Ez dugu onargarritzat jotzen, gai honek langileengan sortu duen kezka kontuan izanik, langileen ordezkarien iritzirik entzun gabe egin duen moduko balorazio positibo bat egitea. Esaten dugun bezala, hauteskunde kanpainan gaudela kontuan izanik, alkatearen jarrera erabat oportunista izan dela iruditzen zaigu.
  9. Alkateak emandako albistea jakin bezain laster berarekin bildu gara azalpenak eskatzeko; ez baitugu onargarritzat jotzen ez dakigunean aurre akordio honek ze ondorio izango dituen enpleguaren eta lan baldintzen inguruan positibotzat baloratzea.
  10. Alkateak emandako erantzunaren arabera, garrantzitsuena enpresak aurrera jarraitzea omen da, oraingoz enpleguarekiko izango dituen ondorioak alde batera utziaz. Erantzun hau erabat onartezina iruditzen zaigu, Udalak, bere ardura eta erantzunkizunaz gain, badituelako operazio honetan baldintzak ipintzeko aukerak eta eskumenak. Eta gure ustez, baldintza garrantzitsuena lanpostuak mantenduko direla bermatzea izan beharko luke. Baina antza denez, alkatearentzat honek ez du hainbesteko garrantzirik.

Bukatzeko, esan beharra dago bai zuzendaritzatik bai Udaletik enpresa batzorde eta langileei lasaitasuna eskatzen digutela; baina, bitartean garbi dagoen gauza bakarra da inongo informaziorik ez dugula eta kaleratzeak hasi direla. Lasai egoteko modu kuriosoa, ez?".