Iazko herriarteko txapeldunak gaur hasiko dira lehian

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 13a, 12:05

Ataunen kontra ariko dira, 19:00etatik aurrera

Aurten ez dago txapelketa irabazteko faboritorik

Herriarteko pilota txapelketa hasita dagoen arren, Azpeitiko pilotariak gaur arratsaldean sartuko dira lehian, Ataunen, bertakoen aurka 19:00etatik aurrera izango diren partidetan. Iaz txapeldunak izan zirenez, zuzenean final zortzirenetan hasiko dira jokatzen.

Kadeteetan Jon Aizpuru eta Iñaki Illarramendi ariko dira; jubenil mailan Iker Eizmendi eta Joseba Orbegozo eta senior mailan Jurgi Larrañaga eta Josu Uzkudun.

Ilunpe pilota elkarteko arduradun Jesus Ruiz de Argandoñak adierazi duenez, kadeteen "egunaren arabera irabazi edo gal dezakete, edozer egiteko kapaz dira". Herriko taldea aurkezteko hiru mailetako pilotariak eduki beharra dago, baina jubenil mailako pilotari bakarra zegoenez, Orbegozo erremontistarekin osatu dute taldea, "baina ez dago horiekin esperantza handirik". Garaipenerako txartel gehienak seniorrek dituzte, "horiekin puntu bat ziurtatuta daukagu".

Azkoitiarrek eta azpeitiarrek txanda hau irabaziz gero, topo egingo lukete final laurdenetan, baina Ruiz de Argandoñaren iritziz "bai haiek eta bai guk zail samarra daukagu pasatzea, ikusi beharko da zer gertatzen den", dio.